euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Tandilgo Gure Etxeak lehen haritzak kokatu ditu Euskaldunen Pasealekua izango den tokian, La Movediza muino magalean

2024/11/13

Gure Etxeako adin guztietako kide talde handi batek parte hartu zuen etorkizuneko Euskaldunen Pasealekuko haritzen eta bertako beste espezie batzuen lehen landaketan
Gure Etxeako adin guztietako kide talde handi batek parte hartu zuen etorkizuneko Euskaldunen Pasealekuko haritzen eta bertako beste espezie batzuen lehen landaketan

PUBLIZITATEA

Tandil, Argentina. Tandilgo Gure Etxea haritz kimuak landatzen hasi da La Movediza muinoaren azpian dagoen Parke Litikoko sektore batean, Paseo de los Vascos izena hartuko duen pasealekua eraikiko den tokian. Joan den larunbatean, azaroaren 9an, Euskal Etxeko kide talde batek, Udaleko Parke eta Pasealekuetako langileek ikuskatuta, lehenengo 10 aleak landatu zituen. Gure Etxearen aurrean dagoen Martin Rodriguez plazan hazten den Gernikako Arbolaren kimuaren ondorengoak dira. Horrez gain zeibo ale bat, bertako espeziea eta sinbolo nazionala, landatu zuten, baita bertako beste espezie batzuk ere, hala nola 'kortaderak' eta 'azeri buztana'.

“Euskaldunen Pasealekua" izeneko berdegune berriaren sorrera, Gure Etxeak bultzatutako proiektua, Tandilgo Euskal Etxeak eskatu bezala Heziketa Teknikoko Institutu 75eko Paisajismo karrerako ikasle eta profesionalek diseinatu eta proposatua da, ondotik Kontzeju Deliberatzaileak baietsia. Bederatzi hektarea dira, gobernuak euskal komunitateari dohaintzan emana. Lursailaren mugarri dira Margarita Galfre kalea, Luis María Camposen luzapena eta Dante Alighieri kalearen jarraipenaren lerro irudikatu bat, mendigune litikoa zeharka mozten duen balizko marra. Iaz ekin zitzaien lurra prestatzeko lanei, eta gutxira, udalak obrak etetea erabaki zuen, kexu ekologista batzuk tarteko. Geroztik, duela egun gutxi arte proiektua ez da berrabiarazi. Balekoa jaso bezain laster EEak gogo handiz berrekin dio lanari, lehenengo kimuak landatzeko elkartuz.

 
'Euskaldunen Pasealekua'ren parte izango dena basoberritzen haritzez eta bertako beste espezie batzuekin

«Neskatilek, gazteek, helduek, nagusiek, belaunaldi diferentetako jendeak hartu zuen parte, ederra izan zen. Euretako askok, urte batzuren buruan zuhaitzok emango duten itzal onaz gozatzeko aukera izango dute», adierazi dio EuskalKultura.eus-i Gure Etxeko lehendakariorde eta proiektuaren arduradunetakoa den Marcos Castillonek. Lehen etapa honetan, Pasealekuan landatu behar diren 80 aleetako 10 haritz erein dira. Hurrengoan, beste 20 landatuko dira eta baita 10 pagoko ilara bat ere. Horrez gain, asmoa haurrentzako jolasak eta altzariak jartzea da, kultur eta aisialdirako gune berria izango den lekuan. Hala ere, Gure Etxeko lehendakari Graciela Confalonierik azaldu duenez, “Asko dago egiteke. Harrizko eserlekuak, jolas batzuk eta mastak jarri nahi ditugu ikurriña eta Argentinako bandera igo ahal izateko, baina horretarako babesleak lortu behar ditugu. Agian gauzatu ahal izango dugu eta 2025ean hemen, Tandilen, izango den Euskal Aste Nazionaleko programa barnean estreinatu, ea".



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia