Tandil, Argentina. Ez da lehenengo aldia, baina azken egunotan berriz ere atera da Tandilgo Euskal Etxea bertako prentsara euskal elkarteak emakumeen pilota arloan, paletan zehatzago esateko, daraman lana azpimarratzen eta behin aukera emanda euskal kirol hau bertako emakumeen artean lortzen ari den arrakasta nabarmentzen. El Diario de Tandil egunkariarekin mintzatu da EEko lehendakariorde Marcos Castillón, eta harro adierazi du erakundearentzat harrotasun iturri dela ikustea emakumeen aurrerabidea kirol mota honetan.
Joan den urtean 12 bat emakumerekin hasi zirela kontatzen du, eta ongi eutsi diotela talde eder honi, azpimarratzen du, Tina Corbal eskolako eta trebaketen arduradun. Aurten, izan ere, jaso dituzten eskabideen aurrean, ordutegiak zabaltzekotan ari dira. Pilotariak astean birritan bildu eta, onena, parte hartzen ari dira partida eta norgehiagoketan Tandilen bertan zein inguruko herrietan, hala nola Necochean eta General Belgranon. Izan ere, iragan berria den Emakumeen Egunean, kirol saio eder batekin ospatu zuten emakume kirolariok, arlo honetan normaltasuna eta aukera berriak ekartzen ari zaizkien aktibitate honen balioa azpimarratuz.
Emakume Pilota Eskolarekin batera, haurrena ere abiarazi eta martxa onean doa Tandilgo Euskal Etxea. Kasu honetan hamar bat haur dira, 7 eta 10 urte artekoak. Euskal Etxeko lehendakariordeak nabarmentzen du hartu duen familia izaera, ez dela kirolean trebatzea bakarrik, gurasoak eta familia ere hurbiltzen baita haurrak kirolean ikustera, eta horrek elkarren artean solasteko eta taldetxo bat sortzeko aukera eman baitu, azpimarratuz euskal kirol hau dela honen guztiaren bihotzean dagoena, euskal etxean praktikatua, eta EEak eskaintzen dituen gainerako aukerekin batera --musa, dantzak, euskal kultura hitzaldiak, proposamen gastronomikoak, pintxoak... eta, azken aldian, 'txotx'a ere, kupeketik, euskal estiloan, Tandilek daukan euskal martxa edo mugimenduaren adierazle eta erakusgarri dela, "herritar guztiei zabaldua", "guk horixe nahi baitugu, guztiek ezagutzea euskaldunak eta euren kultura".
(artikulua gaztelaniaz El Diario de Tandil egunkarian, hemen)