euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Tandilgo Gure Etxeak Euskal Astea prestatzeko dantza-zuzendarien tailer bat abegituko apirilaren 26 eta 27an

2025/04/22

Herrialde osoko dozenaka dantzari biltzen dira Euskal Aste Nazional bakoitzean. Irudian, Bahia Blancakoaren amaieran, dantzak plazan
Herrialde osoko dozenaka dantzari biltzen dira Euskal Aste Nazional bakoitzean. Irudian, Bahia Blancakoaren amaieran, dantzak plazan

PUBLIZITATEA

Tandil, Argentina. Aurrera doaz urriaren 27tik azaroaren 2ra bitartean Tandilen egingo den Euskal Aste Nazionalerako prestakizunak, bertako Gure Etxea antolatzaile. Herrialde osotik etorritako dantza taldeen erakustaldiak urteroko hitzordu honetako programako zutabe izan ohi dira; eta horiek prestatzeko, hain zuzen, topaketa-tailer bat egingo dute euskal etxe tandildarraren egoitzan datorren asteburuan, apirilaren 26 eta 27an, hainbat euskal etxetako dantza taldeetako zuzendari eta arduradunak partaide. Egitarauko parte, larunbat iluntzean ekitaldi bat egingo da Gure Etxearen ondoko Gernikako Arbolaren kimuaren aurrean Gernikako Bonbardaketaren 88. Urteurrenaren karietara. Eta gauez, Aberri Egunaren ospagarri izango den afari bat, dantzarien emanaldi bat ere tarteko

Herrialde osoko berrogei baino gazte gehiago bilduko dira euskal tradizioko zenbait erritmo eta pauso ikastearren, Gaztemundu 2024ko partaideen eskutik

Berrogeitik gora gazte bertaratuko dira, gehienbat Buenos Aires probintziakoak, baina Rosario (Santa Fe) eta Villa Maríatik (Córdoba) ere bilduko dira edo, hegoaldeago, Puerto Madryn (Chubut) eta Viedmatik (Río Negro) ere, euren jatorrietako batzuk aipatzearren. FEVA koordinatzaile, dantza praktikarako tailerra Gaztemundu 2024ko partaideen esku egongo da, iazko abenduan Euskal Herrian egindako egonaldian euskal dantza tradizionalean trebatu ondoren. Euskal Herri osoko dantza adierazgarri batzuk hautatu dituzte, hala nola Gipuzkoako Soka Dantza; Bizkaiko Dantzari Dantza; Arabako Pipaongo Zinta Dantza; Varsoviako Polka Nafarroatik; eta Iparraldetik Jauziak.

Zenbait dinamika landuko

Dantza-taldeetako zuzendarien topaketaren esparruan, gainera, jarduerak gauzatuko dira ohiko arazo komunak azaleratzeko, esperientzien trukea sustatzeko eta euskal etxeen komunitatean dantzaren irakaskuntza sendotuko duten estrategia kolektiboak eraikitzeko. Dantzak identitatea eraikitzeko eta lankidetza lana indartzeko duen paperaz ere hausnartuko da. Tailerra igande eguerdian amaituko da. Bazkaria, eta topaketa hain seguru bizi eta aberasgarri baten ondoren, partehartzaileek etxerako bidea hartuko dute.



hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia