euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Tandilgo Gure Etxea-ko 'Betirako' dantza taldeak afari-showa antolatu du 2024ko Euskal Astera joan ahal izateko

2024/05/30

Sara Urbietaren zuzendaritzapean, ekainaren 8an, larunbatean, Tandilgo Gure Etxeko dantza talde “Betirako”k, gazteei zuzendutako afaria antolatu du funtsak biltzeko Bahia Blancako Euskal Aste Nazionalera joateko
Sara Urbietaren zuzendaritzapean, ekainaren 8an, larunbatean, Tandilgo Gure Etxeko dantza talde “Betirako”k, gazteei zuzendutako afaria antolatu du funtsak biltzeko Bahia Blancako Euskal Aste Nazionalera joateko

PUBLIZITATEA

Tandil, Argentina. Euskal Aste Nazionala urteko ekitaldirik garrantzitsuena da, seguruenik, Argentinako euskal etxeetako gazteentzat. Astero astero elkartzen dira euskal dantzak entseatu eta ikasteko eta taldeetako asko hasiak dira dagoeneko bidaia planifikatzen aurtengoan Bahia Blanca gertaleku izango duen jaialdira joateko. Baina entseatzea ez da nahikoa hitzordu handirako txartela lortzeko. Joan-etorriak, lotarako lekua, janaria-eta ordaintzeko baliabideak behar dira. Horiek eskuratzeko, Tandilgo Gure Etxea-ko dantzariek afari-ikuskizun bat prestatu dute ekainaren 8rako, larunbata, 21etan, eta diotenez, "etxea leihotik behera" bota behar omen dute.

Gau berezi bat agintzen dute, janari "aparta", zuzeneko musika eta, nola ez, euskal dantza. Otsailean hasi ziren entseguekin eta gogotsu daude euren lanaren fruitua erakusteko. Gala berezian, Sara Urbieta zuzendari duen Euskal Etxeko nerabe eta helduen 'Betirako' taldeak egingo du dantza eta baita Mariana Juez eta Barbara Azpiriz gidari dituen txikien taldeak ere. Euren ondotik, Nicolás Oliveraren txanda izango da, kunbiaren erritmoarekin dantzan jarraitzeko "kandelak erretzen ez diren arte", iragarri dute. Batez ere publiko gaztearen presentzia espero duten arren, «30, 40, 50 eta urte gehiagoko gazteak ere izugarri ongi etorriak izango dira», esan dio irribarrez EuskalKultura.eus-i iSara Urbietak.

Pintxoak eta arkume kazola

Afariko menua, pintxoak eta arkume kazola izango dira. Postrerako, euskal gazta-tarta. Dantzariek beraiek prestatuko dute afaria, Euskal Etxeko zuzendaritza batzordekideen laguntzarekin. Sarrerak $12.000 balio du (edariak ez dira barne), baina lau pertsonako edo gehiagoko taldeek deskontua izango dute. Informazio gehiago eskuratzeko edota erreserba egiteko, bidali mezua 249-4360346 telefonora. Dantza taldea Instagramen jarraitu nahi baduzu, jo betirakotandil helbidera.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia