euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Tandilgo Gure Etxeak antolaturik, euskal dantzek eta tangoak bat egingo dute helburu solidario batekin

2013/06/27

‘Los Solistas de D’arienzo’ delako orkestraren kontzertuko afixa
‘Los Solistas de D’arienzo’ delako orkestraren kontzertuko afixa

PUBLIZITATEA

Izen handiko tango musikariek osatzen duten ‘Los Solistas de D’arienzo’ orkestra famatuak emanaldi bat eskainiko du bihar Tandil hirian. Gure Etxea Euskal Etxea antolatzaile, kontzertua ohorezko aurresku batekin hasiko da '2x4 erritmoan'. Ondoren, bertako eta nazioarteko ospea duten abeslariak entzun ahal izango dira Teatro del Fuerte Antzokian. Bildutako dirua hiriko Osasun Mentalaren Elkartearentzat izango da. Berri honekin batera, datorren astean Sanferminak direla eta burutuko dituen ekintzetan parte hartzeko gonbitea zabaldu du Tandilgo euskal etxeak.

Tandil, Argentina. Ezohiko ekitaldi bat gauzatuko da bihar ostirala Tandilen. Izan ere, eta antolatzaileek azpimarratu dutenez, oso gutxitan aurkezten da ‘Los Solistas de D’arienzo’ orkestra ospetsua Buenos Aires hiriburutik kanpo.

Baina bihar, ekainaren 28an, eta Gure Etxeak gonbidaturik, Tandilgo Osasun Mentalaren Elkartearen aldeko kontzertu bat egingo dute musikariek, euskal dantza eta tangoa uztartuz. Emanaldiari hasiera emateko, ohorezko aurresku berezi bat dantzatuko dute euskal etxeko dantzariek eta tango bikote batek. Egitaraurekin jarraitzeko, D’Arienzo-ren Orkestrari buruzko aipamen bat egingo da eta horren ostean, Tandilgo eta Buenos Aireseko abeslariak igoko dira tauletara, tartean, Roberto Fernandez, Marcela Rios, eta Pablo Guzman.

Kontzertua arratsaldeko 8etan izango da, Teatro del Fuerte Antzokian. Bertako Udalak ‘Udal Interesekoa’ izendatu du emanaldia eta bildutako diru osoa Tandilgo Osasun Mentalaren Elkarteari emango zaio. Sarrerak 80 pesotan daude salgai eta euskal etxearen egoitzan (Sarmiento kaleko 1079 zenbakian), El Eco-n (Irigoyen kaleko 560 zenbakian) eta Tandilgo Osasun Mentalaren Elkartean eros daitezke.

Sanferminak, mus eta dantzak

Datozen egunei begira, zuri eta gorriz jantziko da berehala erakundea, datorren astean izan ere, 2013ko Sanferminei ongietorria emateko. Iruñeko jai garrantzitsuena ospatzeko, Pilota Txapelketa eta egun osoko ekitaldia burutuko ditu erakundeak. Txapelketari dagokionez, uztailaren 4 eta 5ean izango da egoitzako trinketean. Egun osoko ekitaldia uztailaren 7an izango da, meza, euskal dantza erakusketa eta Gernikako Arbolaren omenezko zeremonia batekin. Euskal etxeko balkoitik txupinazoa botako da eguerdi aldera eta segidan bazkaria partekatuko dute Gure Etxea-ko lagunek.

Tandilgo euskal ekintzen programarekin jarraitzeko, uztailaren 19an Mus txapelketa gauzatuko dute eta abuztuaren 3an, dantza tailer bat, Aitor Alava dantzariaren ardurapean. Eta tailerra amaitzean, erromeria.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia