euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Tandilgo Gure Etxeak bere 63. urtemuga ospatu zuen ‘ohiko euskal erromeria modura’: argazki kronika

2012/12/31

Izugarrizko kabalkada bat ibili zen Tandilgo kaleetan, Gure Etxeak antolatuta (argazkiaEE)
Izugarrizko kabalkada bat ibili zen Tandilgo kaleetan, Gure Etxeak antolatuta (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Jai erraldoi bat antolatu zuten Tandilgo euskal etxeko lagunek erakundearen 63. urteurrena ospatzeko. Festa hiriko kaleetan burutu zen eta Buenos Aires probintziako beste euskal etxe batzuetako kideak bildu zituen musika, dantza eta kantu ikuskizunean. “Asmoa antzinako erromeriak berreskuratzea izan zen. Duela berrogei bat urte utzi zitzaion honelakoak egiteari; baina lehenago, kalean egiten ziren euskaldunen festak hemen Tandilen”, adierazi digu Gure Etxea-ko lehendakari Esteban Kain-ek. Kaleko emanaldiaren ostean, erreki argentinar tipiko batez gozatu ahal izan zen publikoa plazan bertan. Gonbidatuen artean, Elvira Kortajarena jardunean den Euskadiko Ordezkaria aipa daiteke.

Tandil, Argentina. Proposamen berezi bat eskaini zioten joan den abenduaren 8an Gure Etxea Euskal Etxeko arduradunek Tandilgo komunitateari. Izan ere, instituzioaren 63. urtemuga ospatzeko, herri osoari begirako ekitaldi bat antolatu zuten euskal etxeko kideek, “garai bateko bertako euskal jaien izpirituari jarraituz”.

Tandilgo euskal etxearen 63 urtemuga 2012 01
[Komunitate osoa bertaratu zen plazara, euskal etxeak antolatutako emanaldiaz gozatzera, (argazkia Marti Jaunarena)]
 
Tandilgo euskal etxearen 63 urtemuga 2012 02
[Necochea eta Mar del Platako euskal etxeetako danbor-jotzaileek kabalkada zuzendu zuten Tandilgo kaleetan zehar (argazkia Necocheako EE)]

 
Programa arratsaldeko 5ak aldera hasi zen ordezkaritzen harrerarekin. Iluntzeko 7:30etan, berriz, danbor-jotzaile guztiak bildu ziren euskal etxearen atarian eta kale bateko kabalkada sortu zuten, dantzari eta publikoak lagunduta. San Martin kaletik iritsi ziren ilarak herriko oinezkoen kalera eta bertan gelditu ziren Euskal Herriko danborrak entzunarazteko. “Herriko enparantzara iritsi ginenean jadanik jendez gainezka zegoen. Eserleku guztiak okupatuta zeuden eta lagun anitz zutik zeuden oholtzaren bi aldeetan”, azaldu digu Esteban Kain euskal etxeko lehendakariak.

 
Tandilgo euskal etxearen 63 urtemuga 2012 03
[Gure Etxea Euskal Etxearen 63. urtemugaren jaialdian danbor-jotzaileek ekarri zituzten Euskal Herriko soinuak Buenos Aires probintziaraino (argazkia EE)]
 
Tandilgo euskal etxearen 63 urtemuga 2012 04
[Gure Abestiak abesbatza anfitrioiak bere errepertorioko kantu batzuk interpretatu zituen euskal erakundearen 63. urtemugan (argazkia EE)]

 
Plazako glorietan gauzatu zen ikuskizuna Mar del Plata eta Necocheako danborradekin hasi zen. Segidan, Gure Etxea-ko abesbatzak kantu batzuk eskaini zituen. Errezitalaren ostean, Tandilgo euskal etxeko lehendakariak hitz batzuk zuzendu zizkion bildutako jendeari eta gauza bera egin zuen Elvira Kortajarena jardunean dagoen Euskadiko Ordezkariak, azken hau jaian parte hartzeko propio etorritakoa hiriburu federaletik. Jaiaren baitan EEko alkate berria izendatu zen. Roberto Lejarreta alkate izandakoak aginte makila eskuratu zion Josetxu Berrozpe alkate berriari.

 
Tandilgo euskal etxearen 63 urtemuga 2012 05
[Abenduaren 8ko festan, Josetxu Berrozpe alkate berriak aginte makila jaso zuen Roberto Lejarretaren eskutik (argazkia EE)]
 
Tandilgo euskal etxearen 63 urtemuga 2012 06

[Euskal etxeko txikiek ikurrinaren koloreak zabaldu zituzten jaialdiko oholtza gainetik (argazkia EE)]

Tandilgo euskal etxearen 63 urtemuga 2012 07

[Eta dantzari gazte eta helduak ere luzitu ziren euskal etxeko gau handian (argazkia EE)]

Dantza emanaldian, bost euskal etxetako gazteak aritu ziren: Mar del Platako Denak Bat, Necocheako Euzko Etxea, Ayacuchoko Euskal Odola, Lapridako Lagunen Etxea eta Tandil bertako Gure Etxea euskal etxeetakoak. Talde bakoitzak bere koreografiak erakutsi zituen eta ikuskizunari amaiera emateko, elkarrekin egin zuten ‘Fandango’ bat.

Tandilgo euskal etxearen 63 urtemuga 2012 08

[Gurdi baten gainean prestatu zuten errekia euskal etxekoek (argazkia EE)]

Azken urteotan aurrekaririk ez duen ekimen batean, erreki handi bat prestatu zuten jaiaren antolatzaileek herriko plazan. Bertan gainera, bi stand muntatu zituzten euskal etxeko kideek. Kaleko jaialdia bukatu zenean, euskal etxe guztietako lagunak instituzioko egoitzara bildu ziren. Erromeria goizeko laurak arte luzatu zen, ‘antzinako erromerien giroa berpizten’. Egundoko antolamendu ikusgarria.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia