euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Tandilgo 'Gure Etxea' Euskal Etxeak euskara bertako unibertsitatean irakasteko proiektu bat abiarazi du

2011/02/24

Tandilgo 2008ko ikasturteko euskara ikasleak euren bi irakasleekin, Cecilia Cenoz eta Beatriz Poume, azken hauek bi alboetan
Tandilgo 2008ko ikasturteko euskara ikasleak euren bi irakasleekin, Cecilia Cenoz eta Beatriz Poume, azken hauek bi alboetan

PUBLIZITATEA

Euskal hizkuntzaren irakaskuntza euskal etxeetatik kanpo hedatzea pixkanaka zabaltzen ari den joera da eta hiri askotan helburu hori betetzen duten proiektuak garatzen ari dira. Bide hori jarraituz eta Tandilgo 'Gure Etxea'ko Isidro Legarreta lehendakari ohiaren aspaldiko ametsa burutzeko, bertako euskal elkarteak euskara irakasteko proiektua aurkeztu zuen bertako UNCPBA Unibertsitatean eta proposamena martxan dago jadanik Unibertsitateko Hizkuntza Sailean. Aldi berean, euskal etxeko irakasleak 2011ko ikasturtea antolatzen ari dira. Aurten bost taldek jasoko dituzte eskolak 'Gure Etxea'ko egoitzan.

Tandil, Argentina. "Hainbat hizkuntza irakasten dira Unibertsitatean", azaldu dio 'Gure Etxea' euskal etxeko euskara arduraduna den Valeria Aramburuk EuskalKultura.com-i, "eta kasu batzuetan -- ingelesa edo frantsesaren kasuetan, esate baterako-- prestakuntza bukatuta, ikasleek azterketa internazionalak egin ditzakete. Beste hizkuntza batzuekin, txinera edo errusiera, adibidez, hizkuntzok irakasteko unibertsitatearekin egiten diren hitzarmenak malguagoak dira; Egoera ez da hain formala eta ez da irakasten azterketak gainditzeko helburuarekin. Arlo honetan sartuko dugu euskara UNCPBA (Universidad Nacional del Centro de la Provincia de Buenos Aires) Unibertsitatean”.

Urte dezente daramatza Valeria Aramburuk euskara irakasten eta kontent dago oso erronka berriarekin. "Proiektua onartua izan da; hala ere, Unibertsitateak bere baldintzak ditu eta gutxienez 15 lagunek eman behar dute izena apirilean ikastaroarekin hasi ahal izateko", adierazten du Aramburuk. "Dena den, gu oso baikorrak gara inguruko herrietatik Tandilera gazte ugari etortzen direlako ikastera eta ondo dakigu interesa handia pizten duela euskarak. Beste alde batetik, unibertsitatean egoteak komunitate osoarengana heltzeko aukera ematen digu".

Valeria Aramburuk literatur lehiaketa irabazi zuen 2010eko euskal astean 2011 01

['Argentinan Euskaraz'en 20. urtemuga ospatzeko idazlan lehiaketak antolatu zituen iaz FEVAk. Bakarkako kategorian eta euskarazko testu batekin, Tandil-go Valeria Aramburu irakasleak saria irabazi zuen 'Gure sekretua' idazlanarekin. Kinku Zinkunegik eman zion saria]

"Nahiz eta gure ekimen hau FEVAren kudeaketatik at egon, klaseek HABEko programa jarraituko dute eta bi lauhilekotan egongo dira zatituta", jakinarazten du irakasleak. "Gaitasun komunikatiboak izango du lehentasuna baina euskararen historiari buruz ere hitz egingo da klaseetan. Azpimarratu nahiko nuke, gainera, Etxepare Institutuarekin jarri naizela kontaktuan eta proiektua, haiek unibertsitateekin egiten duten hitzarmenen artean egon ez arren, beren laguntza eskaini digutela behar dugun gauza guztietarako", adierazi du 'Gure Etxea-'ko euskara arduradunak.

Bien bitartean, euskal etxean motorrak berotzen ari dira 2011ko ikasturtearekin hasteko. Martxoan Cecilia Cenoz eta Betariz Poume irakasleek jarraituko dute heldu eta txikientzako klaseekin. Horietaz gain beste bi talde irekiko dira. Bata oinarrizko mailakoa, helduentzat, eta beste bat dantzarientzat. "Behin baino gehiagotan jaso dugu dantzarien eskaera hori. Haiek euren prestakuntza osatu nahi dute euskara klaseekin eta eurei zuzendutako ikastaro bat prestatuko dugu aurten", kontatzen digu Aramburuk.

Ikusten denez, Tandil hirian, Argentinako beste hainbat herritan bezala, euskara ikasteko aukerak ez dira eskas Lingua Navarrorum zahar bezain gazte hau ikasi nahi dutenentzat.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia