Nazioarteko lehenengo esperientzia hau erabat arrakastatsua izan da Tandilgo Gure Etxea euskal etxearen baitan jaiotako abesbatzarentzat. Eskarmentu polita bizi izan dute eta taldeak milaka lagunen aurrean abestu zuen, puntako teknologiaz baliatuta. Kantariek aitortu digutenez, maila pertsonalean ere, herrialde berri bat ezagutzearekin batera, anfitrioi brasilderrekin loturak sortzeko aukera ere izan du Martin Tumbarinok zuzentzen duen koruak.
Tandil, Argentina. Gure Abestiak abesbatzako eta Surcanto taldeko kideek osatu zuten uztailaren 19etik 26ra Brasil bisitatu zuen espedizio argentinarra. Astebetean zehar, hainbat leku ezagutu eta kontzertuak eskaini zituzten artistek Santa Catarina estatuan, bertako Montiel familiak erraztutako bideari esker. Montieldarren bitartez ere, Divino Leiro herrixka katolikoan hartu zuten ostatua bidaiariek, kostaldean Florianopolis eta Camboriu-ren artean.
Gure Abestiak koruko zuzendari Martin Tumbarinok azaldu legez, “hasiera-hasieratik izan zen bikaina. Lehenengo emanaldian –herrixkan bertan– inoiz erabili ez genuen puntako teknologia erabili eta milaka lagunen aurrean abestu genuen. Bigarren kontzertua ere mundiala izan zen, Santa Paulina Santutegian eta bertan ere teknologia onenaz eta publikoaren harrera paregabeaz gozatu genuen. Emanaldian bukatzean, gainera, Santutegiko apaizak gure ahotsak bedeinkatu zituen”, adierazi du Tumbarinok.
Eguraldiagatik, ezin izan zituen taldeak kontzertu guztiak eman baina bai izan zuen birak amaiera ederra: azken errezitala eskaini ondoren, eta anfitrioiekin topa egin eta gero, Camboriuko hondartzetan ibili ziren kantariak Boga Boga abestuz.
“Bidaiak bi herri eta hainbat belaunaldi –umeak, helduak, aitona-amonak– lotu zituen. Are gehiago, aukera ezin hobea izan zen ‘amateurra’ den talde batentzat profesionalen esperientzia izateko. Batzuentzat Argentinatik atera ziren lehen aldia izan zen eta talde gisa egiteak ere asko irakatsi digu elkarbizitzari buruz. Ahaztezina izango da bidaia; eta dudarik gabe, hau bezalako proiektu gehiago antolatzera ere animatuko gaitu; euskal musika eta musika korala zabaltzeko proiektuak”, aitortu du Gure Abestiak-eko zuzendariak.