Nazioarteko lehenengo bira izango dute hau Martin Tumbarinok zuzentzen dituen Tandilgo abeslariek eta hiriko Surcanto taldearekin konpartituko dute esperientzia Gure Etxea euskal etxeko kantariek. Kontzertuetan euskal errepertorioko pieza hautuak eta ‘Misa Criolla’ren koruak kantatuko ditu abesbatzak, Santa Catarina estatu brasildarrareko zenbait hiritan.
Tandil, Argentina. Villa Catolica Divino Leiro-k gonbidaturik, hamar eguneko bidaia egingo du Tandilgo Gure Etxea euskal etxearen baitan jaioa den Gure Abestiak abesbatzak. Koruaren zuzendari Martin Tumbarinok EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “aspaldiko proiektua da eta azkenean hil honetan bete ahal izango dugu. Divino Leiro herrixka Florianopolis eta Camboriu-ren artean dago, –Brasilgo kostaldean– eta bertako lagun batekin antolatzen ari gara ekitaldia”.
Tandildarrek bi mila kilometro egingo dituzte autobusez euren nazioarteko lehen bira gauzatzearren; eta hamar egunetan zehar, bost emanaldi eskainiko dituzte Santa Catarina estatuko hainbat lekutan, tartean, Itajaiko Katedralean eta Paulina santutegian, batzuk aipatzearren.
Bidaia zein emanaldiak Tandil bertako Surcanto ahots taldearekin egingo ditu abesbatzak eta kontzertu bakoitza hiru zatitan banatuko da, Tumbarinok azaldu digunez. “Gure Abestiak abesbatzak euskal kanta hautu batzuk taularatuko ditu, tartean Kilometroak, Maitia non zira, Birjina Maitea, Kinkirrin kunkurrun eta Haurrak ikas zazue. Ondoren, Surcanta-k, folklore argentinarreko pieza batzuk kantatuko ditu eta, ikuskizuna bukatzeko, bi taldeek elkarrekin Ariel Ramirezen Misa Criolla aurkeztuko dute”.
Bidaia uztailaren 17an hasiko da, Gure Abestiak taldeko hogeita hamabost lagun partaide. Biraren berri zehatzago izateko, jo Gure Etxea euskal etxearen Facebook-era.