euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Tandilen Euskal Etxearen eta INCAAren artean arrakasta handiz egindako Zine Zikloa leku gehiagotara zabal liteke

2017/09/05

INCAA Guneko aretoa beteta Euskal Zine Zikloan
INCAA Guneko aretoa beteta Euskal Zine Zikloan

PUBLIZITATEA

‘Amama’ eta ‘Loreak’ filmak proiektatu ziren Gure Etxea Euskal Etxeak eta Tandilgo INCAA –Zine eta Ikus Entzunezko Arteen Institutu Nazionala– Guneak antolatutako Zine Zikloan. Aktibitatearen oihartzuna ikusita, Argentinako beste herri batzuetako INCAA Guneek errepikatu nahi dute zikloa euren aretoetan. Zergatik ez zeurean?

Tandil, Argentina. Ohiko aktibitate bihurtu da azken bolada honetan euskal etxeetan Euskal Herrian sortutako zinea ikustea. Zaila dena da, ordea, pelikula horiek euskal etxeetatik kanpo zabaltzea. Zaila baina ez ezinezkoa, Tandilgo Gure Etxearentzat bederen. Izan ere, Gure Etxea Euskal Etxeko euskara irakasle den Ines Olazabalek bultzaturik, bi izenburuk osatutako Euskal Zine Ziklo bat egin zen Tandil hiriko Espacio INCAA Unicen delako gunean abuztuaren 27 eta 28an.

Irakasleak berak EuskalKultura.com-i adierazi dio bazuela “honelako zerbait antolatzeko gogoa aspaldidanik" "eta banekien beste ziklo batzuk antolatu izan zirela INCAAn; beraz, Tandilgo Guneko arduraduna den Carla Martinezekin elkartu nintzen proposamena aurkezteko eta izugarri gustatu zitzaion. Filmak aukeratzeko, zerrenda bat pasa nion eta berak esan zidan zeintzuk ziren, bere ustez, aproposenak”, azaltzen du Olazabalek.

Proiektatutako filmak Asier Altunaren Amama eta Jon Garaño eta Jose Mari Goenagaren Loreak izan ziren eta hautaketa, ona baino hobea. “Publikoa oso pozik geratu zen eta zorionak eman zizkigun. Are gehiago, berriro egiteko eskatu digute eta seguru asko datorren urtean ere egingo dugu… INCAA Gunearentzat ere esperientzia baliagarria izan zen oso; egiten dituzten zikloen artean hau arrakastatsuena izan dela adierazi digute eta badirudi beste herri batzuetako Guneetako arduradunak harremanetan jarri direla beraien aretoetan zikloa antolatu ahal izateko. Beraz, harro gaude!”, adierazi digu euskara irakasleak.

Iraileko aktibitateak

Datozen egunetako ekintza euskal-tandildarrei dagokienez, aste honetan Pilota Paleta txapelketa bat jokatzen ari da Euskal Etxeko frontoian. Irailaren 9an, berriz, ‘Emakumeak kontzertuan’ izeneko ikuskizunaren azken emanaldia eskainiko dute, Gure Etxea-ko areto nagusian; eta irailaren 16 eta 17an hiriko Kolektibitateen Jaian hartuko dute parte elkarteko kideek.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia