euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Tandil: UNICENgo ikasleen bisita Gure Etxea eta Gernikako Arbolari; El Gallon haritzaren hiru kimu landatu dituzte

2023/04/12

Ezkerrean, Tandilgo El Galloko bizilagunak Udaleko eta Gure Etxeko buruagiekin landatzen. Eskuinean, UNICENgo ikasleak Gernikako Arbolaren ondorengoaren pean, EE aurreko Martin Rodríguez Parkean
Ezkerrean, Tandilgo El Galloko bizilagunak Udaleko eta Gure Etxeko buruagiekin landatzen. Eskuinean, UNICENgo ikasleak Gernikako Arbolaren ondorengoaren pean, EE aurreko Martin Rodríguez Parkean

PUBLIZITATEA

Tandil, Argentina. Tandilgo Gure Etxea Euskal Etxeak bisita berezia jaso zuen joan den hilaren 29an. UNICENgo (Universidad Nacional del Centro de la Provincia de Buenos Aires) Adinekoen Programako ikasleak bertaratu zitzaizkion, euskaldunen biloba eta Euskal Etxeko muslari den Angeles Pagola euren historia irakaslearekin batera. Gure Etxeko lehendakari den Cecilia Lejarreta eta Beatriz Poumé euskara irakaslea anfitrioi, egoitzaren bisita gidatua jaso eta erakundearen historia ezagutu ahal izan zuten.

“Oso topaketa polita izan zen. Kultura, euskal pilota, ohiturak eta nortasuna hartu genituen hizpide. Eta amaitzean kalea gurutzatu eta Gernikako Arbolaraino joan ginen, eta hor haritzak euskaldunontzat duen esanahia azaldu genien”, azaldu dio Euskalkultura.eus-i Cecilia Lejarretak, izan ere Euskal Etxearen egoitza aurreko Martin Rodriguez Parkean dagoen haritzari erreferentzia eginez.

Hiru kimu berri El Gallon

Joan den hilaren amaieran ere, herritar talde batek eskatuta, eta Tandil hiriaren bigarren mendeurrenaren ospakizunak direla eta, Gernikako Arbolaren hiru kimu landatu ziren El Gallo auzoan. M. Rodríguez Plazako haritz beraren ezkurrak oinarri hartuta landatutako kimuak dira, Gernikako Batzar Etxean dagoenaren ondorengoak. Gure Etxeak kudeatzen duen “Legatua eta Ondarea - Zuhaitz Ondoan” izeneko basotze eta parketze proiektukoaren baitan eman dira dohaintzan.

Kimuak hazten ari dira dagoeneko errepide nazional 74 eta Don Bosco etorbidearen bidegurutzean dagoen parkean. Tandilgo Berdegune Publikoen Zuzendari Walter Urso gainbegirale landatu ziren. Euskal Etxearen izenean, proiektuaren arduradunetako bat den Santiago Benavidesek, kimu hauen historia, garrantzia eta izaera kulturala azpimarratu zituen, baita ekitaldiaren izaera ekologikoa ere. Tandilgo alkate edo intendente Miguel Lunghi ere ekitaldiko partaide izan zen, hiriko zenbait erreferente politikrekin batera.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia