Tandil, Argentina. Datorren larunbatean, abenduak 17, Tandilgo Euskal Etxearen aurrean, Martín Rodríguez Plazan, Euskal Jaiotzaren edizio berria antzeztuko dute. Hogeita hamar bat lagunek osatzen dute euskal mitologiako eta kristau fedeko elementuak biltzen dituen antzezlana, Valeria Aramburu euskaltzalea zuzendari. Jarduera 2000. urteaz geroztik etengabe egin dute, 2020an izan ezik, eta iaz bezala, aurten ere “Udal Interesekoa” aitortu dute. Ikuskizuna amaitzean, pintxoak, txorizoa sagardotan eta edariak eskainiko dituzte Gure Etxea-ko tabernan.
Jaiotza berezi honetan jokatzen diren rolak asko dira, hala nola artzainak, iruleak, etxekoandreak, pilotariak, aizkolariak, muslariak, Olentzero eta Ziripot, gauekoak eta sorginak. Eta aktoretza lana euskal etxeko lagunek gauzatzen dute, tartean daudela dantzariak, abesbatzako kideak, pilotariak, euskara ikasleak, Gure Etxea-ko Zuzendaritza Batzordekoak, eta guztien ahaide eta lagunak.
Euskal Jaiotza hainbat euskal etxetan
Literatura irakaslea ere baden Valeria Aramburu da gidoiaren egilea eta agertokira eramatearen arduraduna da. Euskal dantzari ohia da Valeria eta euskara irakasle ere aritu zen Tandilgo Euskal Etxean. Guztia prest dauzka hurrengo emanaldia gauzatzeko egun gutxi batzuk geratzen zaizkion honetan. Hala ere, 2023 urteari begira, Euskal Jaiotzak Tandilgo mugak gainditzea eta Argentinako euskal etxeetara iristea amets izango lukeela aitortu dio EuskalKultura.eus-i.
“Oso ikuskizun interesgarri eta originala iruditzen zaigu, batez ere euskal mitología berreskuratu eta jendaurretzen duelako. Momenturen batean konpainia ibiltaria egitea ere pentsatu genuen, eta Euskal Jaiotza euskal etxerik etxe ibiltzea, baina zaila izango zela iritzi genion, persona asko baikara agertokian, herriz herri batetik bestera mugitzeko”, jakinarazi digu.
Kontaktatu Valeriarekin
“Orduan pentsatu genuen beste bide bat izan zitekeela gidoia euskal etxeen eskura jarri eta hala nahiko luketen euskal etxeei taularatzen laguntzea. Proposamena, euskal etxe bakoitzak bere bazkide eta lagunekin egitea da, eta horrela, abenduan euskal etxe askotan izango genuke Euskal Jaiotza, herriari jarduera polit hau eskainiz”, jaurtitzen du.
Inor animatzen? Valeria prest dago leguntzeko, zergatik ez diozu idazten nola egiten duten behintzat galdetzeko? Hona kontaktatzeko emailak: gureetxeatandil@gmail.com eta kukaaramburu@gmail.com