Tandil, Argentina. Euskal sukaldaritzak ospe handia dauka nazioartean. Diasporan, plater tradizionalak nagusi izan dira, azken urteetan euskal etxeetan pintxoek leku handia irabazi duten arren. Eta, ziurrenik hain ezagunak ez badira ere, euskal gastronomiak postre ikusgarriak ere baditu eta, izan ere, hauek prestatzeak ere interesa pizten du. Tandilgo Gure Etxeak, euskal postreak prestatzen ikasteko Tailerra antolatu zuen pasa den larunbatean, apirilaren 20an. Zuzendaritza Batzordeko kide Marily Harguindeguy-k gidatu zuen, eta, 18 partaidera mugatuta, lekua oso azkar bete zen. Topaketa presentziala eta guztiz praktikoa izan zen, edonork egin zezakeena, aldez aurretiko ezagutzak ez baitziren eskatzen. Eta, despeditzeko garaian, errezetez eta sekretu azalduez gain, egin zituzten postreak etxera eraman zituzten partaideek.
Hiru ordu pasatxoan, adin ezberdinetako 18 emakumek —guztiak izan baitziren emakumeak— euskal postrerik tipikoenetako lau prestatzen ikasi zuten: Eguzkilorea, Goxua, Pantxineta eta Euskal Pastiza, azken hau, gainera, Harguindeguy-ren familiako ohiko errezeta batetik abiatuta, Menddia baserriko sukaldekoa. «Isabelle Goyheneix lehengusinak bidali zidan errezeta. Gure aitona Martin Harguindeguy bizi zen baserrian transmititu zena da, Lekunberrin, Donibane Garazitik gertu», dio Marily Harguindeguyk. Errezetaz gain, aitonak duela mende bat baino gehiago Argentinatik sortetxera bidalitako eskutitzak ere berreskuratu ahal izan zituen bilobak. “Hemen oso ondo zeudela esaten zuen, lana, janaria eta osasunarekin», zioela diosku, harriduraz eta emozioz.
Arrakastak jarraipena ekar dezake
Ezkerrean, Rita Manfort, Tailerreko partaide eta Lapridako “Lagunen Etxea”ko kidea, Tandilgo Gure Etxeko presidente Graciela Confalonierirekin
Laguntzaile lanetan aritu zen Graciela Confalonierik EuskalKultura.eus-i aitortzen dionez, “Jarduera guztiz arrakastatsua izan zen, partaideak pozik oso eta esker oneko egon ziren eta, gainera, tailerrean prestatutakoa etxeratu ahal izan zuten”, emendatzen du. Hori guztia ikusita, ez dute baztertzen beste tailer gastronomiko bat egitea. «Agian hurrengo proposamena pintxoen ingurukoa izango da, oraindik datarik ez dagoen arren», gaineratu du Gure Etxeko lehendakari den Graciela Confalonierik, poz-pozik tailerraren emaitzarekin.