Arrecifes, Argentina. Gero eta ugariago ari dira antolatzen Diasporan bidaiak Euskal Herrira, tartean baita Argentinatik ere, zenbait euskal etxetatik edota euskal etxeen inguruko jendeek antolatuak. Horien artean Mariana Dominék proposatzen duena. Azken urteotan, Euskal Herrirako hirugarren talde-bidaia ari da antolatzen euskal turismo esparruan eskarmentu handia duen Mariana Domine Irigoyen arrecifestarra. Proposamena euskal etxeetako kide eta lagunei dago bereziki zuzenduta baina baita Euskal Herria ezagutu edo euskal kulturan murgildu nahi duen edonori ere.
Taldea abuztuan abiatuko da Ezeizako aireportutik, Argentinako laguntzaile batekin, eta Bilbo izango du lehenengo helmuga. Hamazazpi egunetan zehar, Euskal Herriko leku esanguratsuenetako batzuk ezagutuko dituzte, tartean hiriburuak, Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaldeak –Getxo, Portugaleteko Zubia, Gaztelugatxe, Getaria, Zarautz, Hondarribia… –, barnealdeko hainbat herri –Gernika, Tolosa, Oñati, Zumarraga…– eta toki turistikoak –Arriaga Antzokia, Santimamiñeko Koba, Arantzazuko Santutegia, Zugarramurdiko Leizeak–, batzuk aipatzearren (Egunez eguneko ibilbide osoa, hemen).
Antolatzaileek argitzen dutenez, txango guztiak bertako gida batekin egingo dira, luxu handiko autobusez. Ostatua lau izarretako hoteletan izango da eta guztira hamabi bazkari eta bi afari izango dituzte bidaiariek euskal jatetxe tipikoetan.
“Aurreko bidaien esperientziei erreparatuz eta bidaiarien behar guztiak bete nahian, bi egun gehiago izango ditu bidaiak, egun horietan jendea bere kabuz ibili ahal izateko; batez ere, familiarekin elkartu nahi duten lagunek. Horretaz aparte, data moldatu dugu Bilboko Aste Nagusiarekin bat egiteko. Bertan ezagutu ahal izango ditugu hainbat musika, paisaia, zapore eta kolore; esperientzia aparta izango da”, adierazi digu Dominek.
Prezioa eta ordaintzeko aukerak
Bidaiaren prezioa, hegaldi txartela, hamazazpi eguneko ostatua eta aipatutako otorduak barne, USD 6799ekoa da, eta pesotan ordaindu ahal da –eguneko kotizazioan– edota kreditu txartelarekin. Lekuak mugatuak dira; lehenengo 20ei emango omen zaie lehentasuna; besteak itxaron zerrendan geratuko dira. Informazio gehiago eskatzeko edota antolatzailearekin zuzenean hitz egiteko Mariana Domineri idatzi behar zaio mdomine2002@hotmail.com helbidera.
Gonbitea luzatuta dago eta interesatuek erreserbak gaur bertatik egin ditzakete erreserbak. Hala ere, datozen hilabeteetan euskal etxeak bisitatuko ditu bidaiaren arduradunak interesatuekin aurrez aurre hitz egiteko. Lehenengo bilera, Buenos Airesen izango da, urte hasieran, Euskaltzaleak Euskaltegian (data baieztatzeke). Bilerak antolatzeko ere, Dominerekin jarri kontaktuan.