Olavarria, Argentina. Udako etenaldiaren ondoren, Olavarriako Gure Etxe Maiteak ikasturte berriari ekin dio. Eta, besteak beste, elkarteko kide eta lagunak urteko lehenengo janari salmentan parte hartzera gonbidatuz egin du, erabateko arrakastaz. Ehun dozena enpanada baino gehiago banatu dituzte Euskal Etxearen egoitzan, sukaldaritza taldekide zirela María González, Txiki Eyherabide, Lucia Aisaguerre, German Gorosito, Marisu Mendizabal eta Julia Arouxet. Prestakuntza eta salmenta euren ardura izan bada ere, Gabriela Uyarte, Ana Maldonado, Rebeca Maldonado eta María Emilia Schneiderren laguntza ere izan dute.
Beste hainbat euskal etxetan bezala, Gure Etxe Maitean janari salmentak berebiziko garrantzia du, kultur jarduerak finantzatzeko iturri nagusietako bat baita. Izan ere, dagoeneko hasi dira txikiei eta gazteei zuzendutako dantza, arte eta jolas tailerrak, Maria Julia Arouxeten eskutik Lucia Aisaguerren laguntzarekin, baita nagusiei zuzendutako folklore tailerra ere, Ana Maria Paladini irakaslearen eskutik. Era berean, Raquel Meléndez Tesonek eta Julia Báezek sukaldaritza, okintza eta gozogintza tailerrari ekingo diote laster.
Hitzaldi sorta
Olavarriako Euskal Etxeak, eskainiko dituzten hitzaldien berri ere eman dio buletin honi. Apirilaren 22an Pablo Ormazabal antropologoak Olavarriako euskal immigrazioaz hitz egingo du, eta maiatzaren 20an Ileana Sosa Arzubieta doktorearen txanda izango da, Gaztemundu 2022 Programan izandako esperientzia partekatuz. “Hau dugu urteko lehen lauhilekorako programa, baina urtero bezala, zabalik gaude iritsiko zaigun proposamen berri bakoitzari, elkarrekin lan egin eta hazten jarraitzeko», adierazi dio Euskalkultura.eus-i Gure Etxe Maiteko lehendakari Marisu Mendizabalek.