euskal diaspora eta kultura
2012/03/02
PUBLIZITATEA
Sydney, Australia. Sydneyko Euskal Etxeak bere sorreraren 45. urteurrena ospatu zuen iragan otsailaren 11ean, hiriko badian zehar egin zuen bazkari batekin. Bazkaria badia zeharkatzen duen ontzietako batean egin zuten eta menua ez zen nolanahikoa izan: ganbak eta ostrak, urteurrena "behar den moduan" ospatzeko.
Giroa bikaina izan zen eta elkarteko kideek biziki gozatu zuten eguna. Denen gogoan izan ziren iaz zendu ziren elkarteko bi erreferente: Carlos Orue, urte askoan elkarteko lehendakari izan zen zornotzarra, eta Rafa Alegria, elkarteko idazkari eta zuzendaritza kide izan zen hondarrabiarra. Partehartzaileen artean izan zen Gure Txokoko egungo presidentea, Ruben Alvaro, urte hasieran egin zen bilkura orokorrean berriz ere elkarteko buru hautatua.
[Gure Txokoko bazkide batzuk, ontzian egin zuten bazkaria hastear (argazkia SydneyEE)]
Datozen jarduerak
Hurrengo asteetako ekitaldiei dagokienez, elkarteko iturriek EuskalKultura.com-i azaldu diotenez, igande honetan Mauleko Sebastian bazkideari agur-afaria egingo diote. Sebastian dantzari profesionala da eta Sydneyn bi urte igaro eta gero, etxera bueltatuko da aurki. "Euskal dantzak izango ditugu eta euskara ikasleak kantak prestatzen ari dira Sebastiani agurra emateko. Egun handia izango da", azaldu du Zaloa Arrieta bazkideak.
Elkartea martxoaren 19an San Patrick eguna ospatzekotan da baita ere. Hurrengo ekitaldia, urtero bezala, Aberri Eguna izango da, Aste Santuan. Gure Txokok, ohi duen legez, Centennial parkean aire zabalean egingo den piknik batekin ospatuko du.
Manu Chaorekin
Azkenik, aipatu iragan urtarrilaren 7an elkarteko kide batzuk Manu Chao musikariak Sydney-en eman zuen kontzertuan izan zirela, elkartearen ordezkari bezala. "Manu Chaok Gure Txokoko jendea gonbidatu zuen bera ezagutzera, Euskal Herriarekin duen harremanagatik eta Fermin Muguruzarekiko adiskitasunagatik", azaltzen du Zaloa Arrietak. "Azkenean, talde handi bat joan ginen, Gure Txokoko kamiseta eta guzti". Manu Chao eta taldekideak Gure Txoko kamiseta banarekin joan omen ziren hiritik.
[Gure Txoko elkarteko kide batzuk Manu Chao kantariarekin, Syndey-en eman zuen kontzertuaren backstage-ean (argazkia SydneyEE)]
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus