euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sydneyko Euskal Etxeko haurrek, Australian, mahuka motzetan errezibitu zuten Olentzeroren bisita aurreratua

2007/12/18

Olentzero haurrekin Sydneyko Centennial Park-en
Olentzero haurrekin Sydneyko Centennial Park-en

PUBLIZITATEA

Euskal Herriarekin alderatuz aste batzuetako aurrerapenez --pipa hortzetan duenari lana pilatu ez dakion omen-- baina Olentzerok egin berria die bisita Sydney-ko haurrei. Hiri australiarreko Gure Txokoa Euskal Etxeak prestatu zuen harrera ekitaldia bertako Centennial izeneko parke handian eta aire zabaleko piknik eta barbakoa batez errezibitu zuten ikazkina haur eta heldu euskal australiarrek. Sasoin honetan bero egiten du hemen eta bertaratutakoek mahuka motzetan ospatu zuten Olentzeroren festa, opariz, kantuz, jolasez eta ilusioz. Egunean zehar jasandako beroaren aringarri, azken orduan bota zuen euria zinez eskertu zuten. Euriak ez zuen Olentzeroren pipa itzaltzea lortu.
Sydneyn ere Euskararen Nazioarteko Eguna ospatu ondoren, Olentzeroren hitzordua zen batez ere bertako haurrek gehien espero zuten Gure Txokok antolatutako festa. Eta ez zuen hutsik egin. Euskal Herritik pasatu aurretik ekin zion Olentzerok azken urteotan ohikoa bihurtu duen bisitari eta bertan zain topatu zituen bi bat dozena haur euskal australiar ilusioaren dizkira begietan. Euskal Herrian ohikoa den irudia, nahiz eta kasu honetan agertokia eta aktoreak Euskal Herri geografikotik ezin urrunago egon.

[Olentzero haurrez inguratuta, Gure Txokok Sydneyko Centennial Parkean antolatu zuen festa eta elkarretaratzean]

Australian primerako eguraldia egiten zuen eta, sasoin honetan hemen ohitura bilakatua denez, Gure Txokoko lagunek aire zabalean egindako barbakoa eta piknik batekin eman zioten harrera euskal ikazkinari. Haurren ilusio handiari erreparaturik, Olentzero banan bana mintzatu zen neska-mutikoekin, gerizpean, izan ere bertako euskal komunitateak 'gure Gernikako Arbola' deitzen duen zuhaitzaren magalean.

Txikiekin ongi baino hobeto moldatu ondoren, euskal eguberri pertsonaiak bere 'tripazain' fama ohoratu eta Gure Txokokoek prestatutako barbakoan parte hartu zuen, Australiako haragi zaporetsua gustuan dastatuz, ohiturak agindu legez ardo on batez bustia. Carlos Oruek antzeztu zuen Olentzero eta Juan Uribe arduratu zen haurren jokoez. Horien guztien buru haurrak eta nagusiak elkarrekin futbolean jarri zituen partida. Parte hartutako haur guztiek eraman zuten gutxienez opari bat, Olentzerok banatutako opariez gain. Egun osoko beroaren ondotik, bertaratutakoek pozik hartu zuten egunaren azkenean azaldu zen ekaitza, giroa freskatu baitzuen haur eta helduen ilusioa protagonista hartutako egun berezi honetan.


Lotura interesgarriak

Gure Txoko Basque Club, Sydney, Australia
www.guretxoko.com.au

Basque Club of North Queensland, Townsville, Australia
www.basqueclubnq.com/index.html

Townsville-ko Euskal Etxea Cultural Fest-en partaide
2007ko irailaren 12an EuskalKultura.com-en argitara emana

Townsville-ko euskaldunen bilera, Gernikarekin bat
2007ko apirilaren 23an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia