Immigrantearen eguna ospatzeko hiriak antolatutzen duen jaialdia urteko aktibitate nagusietako bat da Concordiako Euskal Etxeko Gazte Lurra taldearentzat. Izan ere, programako horretako ekintza guztietan hartuko dute parte aurten ere dantzariek, hiriko euskal kolektibitatea ordezkatze aldera. ‘Jaiaren aurrekoa’ delako festan eta 'Suzien Martxan' aritu ondoren, Immigrantearen Jai Probintzialean dantzatuko dute, datorren asteburuan.
Concordia, Argentina. Ibaiko Izarra du izena Entre Rios probintzia argentinarreko Concordia herriko Euskal Etxeak, eta bere baitango Gazte Lurra Taldeko dantzariek ordezkatuta, euskal kolektibitatearen presentzia bermatzen du urtero Immigrantearen Jai Probintzialean; aurtengo edizioa ez da salbuespena izango eta dantzak ez ezik, euskal janari tipikoa ere eskainiko dute gazteek datorren asteburuan. irailaren 11tik 13ra, Concordiako Konbentzio Gunean egingo den jaialdian.
Jaiaren ‘Aurreko jaia’ eta Suzien Martxa
Datorren asteburuko probintzia mailako festa, hala ere, programa luzeagoa baten amaiera da. Aktibitate kulturalak abuztuaren 2an hasi ziren “Previa del Inmigrante” izeneko dantzaldiarekin. Ekintza, Concordiako Immigranteen Elkarteak antolaturik, Auditorium antzokian izan zen eta iraileko festaren nolabaiteko aurrerapena izan zen. Bertan, Gazte Lurra-ko gazteek asteburu honetan –eta baita Macachingo Euskal Aste Nazionalean ere– aurkeztuko dituzten dantzak taularatu zituzten.
Immigrantearen Jaiaren azken asteotako programaren barne baita ere, Suzien Martxan izenekoan hartu zuten parte dantzariek eta euskal etxeko gainontzeko kideek abuztuaren 30an, gizatalde guztietako erreginak lagun. Ibilbidea Udaletxetik Kolektibitateen Plazaraino egin zen, bertan jaiaren inaugurazio zeremonia burutzeko. Ekitaldiari hasiera emanez, Argentinako ereserkia abestu zuten bildutakoek eta horren ostean lore sorta bana eskaini zuten Concordiako Udalak eta Concordiako Immigranteen Elkarteak.
Euskaldunak futbolean txapeldun
Bigarren urtez jarraian Kolektibitateen arteko Futbol Txapelketa egin da aurten Concordian. Eta txapelduna ‘Kali Motxo’ izenarekin euskal gizataldea ordezkatu zuen taldea izan zen. Euskal etxetik jakinarazi digutenez, “berez taldea ez da euskal etxekoa; baina jokalariak elkarteko lagunak dira eta txapelketan jokatzeko gure erakunde eta gizataldearen izenean egin ahal izatea eskatu ziguten. Eta ondo baino hobeto egin zuten eta lehenengo postuan geratu ziren; beraz, zorionak gazteoi!”.