Rio Colorado, Argentina. Zorioneko dabiltza Rio Coloradon. Patagoniako Rio Negro probintziako herri honetako 'Ibaiko Euskaldunak' Euskal Etxeak bertako Anaitasuna Plaza berrinauguratu du, eta 'Silvia Prat' izena gehitu dio. “Silvia Prat plaza honen bultzatzaile nagusia izan zen eta izendatze honekin bere lana omendu nahi izan dugu”, adierazi dute. Zeremonian, haritz bat landatu eta kartel berria desestali dute. Ondoren, euskal egoitzara joan eta Zentroa ‘Ruben Kepa Etulain’ izenaz bataiatu dute, EEko sortzaileetakoa eta Zuzendaritza Batzordeko aurreneko lehendakaria izan zenaren ohoretan.
Euskal Etxeak, bere susperraldiarekin batera, argentinar aberri-data esanguratsua den Uztailaren 9a ospatu zuen ekitaldian. Rio Coloradoko EEkide eta herritarrekin batera inguruko euskal etxe batzuetako lagunak ere bildu ziren. Ekitaldia edertzen, Viedma-Patagonesko, Bahia Blancako eta Rio Colorado bertako dantzariak aritu ziren, dantza batzuk banaka, eta beste batzuk elkarrekin aurkezten. Viedma eta Patagonesko Aberri Etxeko abesbatzak, bere aldetik, bere errepertorioko kantu batzuk eskaini zituen.
[Euskal Dantzen kolore eta bizitasuna Rio Coloradoko kaleetan]
EuskalKultura.com-ekin hizketan, erakundeko dantza irakasle Maria Fernanda Peña Cobasek argitu digu bi dantza talde daudela momentu honetan Euskal Etxean, txikiena eta nerabeena. “Datozen asteetan hasiko gara pilota eta mus txapelketekin eta ez dugu batere baztertzen euskara klaseekin ere laster hasteko aukera”.
Río Coloradoko Euskal Etxea Facebooken, Centrovasco Ibaikoeuskaldunak
Zorionak!