euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Susan Gabica, Santa Rosa Basque Club: “Ez dut inoiz gure bilera batzuetan bezain beste barre egin”

2014/09/03

Susan eta Richard Gabica senar-emazteak. 'Santa Rosa Basque Club' euskal etxeko lehendakaria da Richard, Winnemucca (Nevada) iparraldean
Susan eta Richard Gabica senar-emazteak. 'Santa Rosa Basque Club' euskal etxeko lehendakaria da Richard, Winnemucca (Nevada) iparraldean

PUBLIZITATEA

Etxeko patioan, lagun eta familia artean ‘pikon’ batzuk edaten. Horrela sortu zuten, 2004an, Santa Rosako (Nevada, AEB) Euskal Etxea. Bertan ziren Susan eta Richard Gavica eta azken hau hautatu zuten lehendakari. Urtero antolatzen duten laugarren jaialdia ospatuko dute larunbat honetan, elkartearen hamargarren urtea ospatzeak ematen duen poztasunarekin.

Ander Egiluz Beramendi/AEB. Euskalkultura.com-ekin partekatu ditu bikote honek azken hamar urteetako memoriak eta etorkizunera begirako gogoetak.

Larunbat honetan ospatuko duzue Santa Rosako euskal etxekoek (Nevada) laugarren euskal jaia, baina baita ere elkartea sortu zenueneko hamargarren urteurrena. Zorionak! Ze oroitzapen ekartzen dizkizue egun honek?

Susan – Eskerrik asko! Pozik eta harro sentitzen gara, ez dut inoiz gure bilera batzuetan bezain beste barre egin, kontu kontari, gutxitan ikusten duzun jendearekin batuz… Oso ondo pasatzen dugu beti.

Richard – Milesker.

-Nola hasi zen dena?

Richard – Duela hamar urte, lagunekin eta Kaliforniako familiarekin geunden etxeko patioan pikon batzuk edaten eta gaia atera zen (barre egiten du). Euskal etxea sortzea deia ona litzatekeela esan ziguten eta aurrera egin genuen.

-Zein izan zen antolatu zenuten lehen bilera?

Susan – Ardo dastatze bat antolatu genuen, oso arrakastatsua. Euskal Herriko produktuak ekartzen dituen enpresa bat du nire loba batek Boisen eta harek ardoa eta jatekoak ekarri zizkigun. Bertako jende askorentzat lehen aldia zen euskal ardoa edaten zuena eta izugarri gustatu zitzaien. Euskal musika, ardoa eta jatekoa genuen. Winnemucca aldean horrelako zerbait antolatzen zen lehen aldia zen, oso denbora luzean.

Richard – Euskaldunon bizimodua gustatu zitzaion jendeari (barre egin du). Gauza desberdina zen askorentzat eta askok esaten zuten “euskaldunek badakizue jaiak antolatzen!”.

Susan – Harritu gintuen planaren arrakastak, jendeak berba asko egin zuen horren inguruan. Baina urteekin batera gero eta jende gutxiago hasi zen plan horretara etortzen eta (Ameriketan) ohikoak diren ohiko euskal jaietariko bat antolatzea pentsatu genuen.

-Zergatik uste duzue jendeak hurbiltzeari utzi ziola?

Susan – Ardo dastatzerako alokatzen genuen aretoaren alokairua oso garestia zen. Horretaz aparte, jende asko urrun bizi da eta esfortzu handia izan ohi da beraientzat hona etortzea eta antolakuntzan lan egitea. Eta sortu ziren beste ardo dastatze batzuk inguruan…

Richard – Horregatik pentsatu genuen garai bateko euskal jaialdien estiloko elkarretaratze bat antolatzea.

-Zer beste ekintza antolatzen duzue urtean zehar?

Susan – Afari pare bat antolatzen dugu urtero eta mus txapelketa ere bai. Aurten tapelketa martxoan izan da. Stone House Bed and Breakfast-en batu ohi dira jokalariak eta, bukaeran, udal eraikin batean egiten dugu afaria, hurbildu nahi duenarentzat zabalik. 80 lagun batu gara aurten eta, egia esatearren, ederra izan zen. Bakailaoa, paella, solomoa, arroz-pudding-a… denetarik batu genuen, bazkideek egindakoa guztia, gainera.

-Sukaldari onak dituzue Santa Rosan?

Susan – Baditugu pare bat sukaldari fin: Vicky Gaviola eta Edu Sarria. Sukalde ikastaro hainbat antolatu ditugu eta beti laguntzen digute. Ez da aldiro egiten dugun zerbait, baina benetan interesgarria dela. Gehiago egin nahiko genituzke, asko gustatzen zaizkio jendeari.

-Eta noiz eta nola antolatzen dituzue aipatu dituzuen beste afariak?

Susan – Udal eraikinean batu ohi gara eta, nahiz eta Euskal Etxea arduratzen den plater nagusia ekartzeaz, jendeak beti ekarri ohi du zerbait. Eta abenduko lehen larunbatean Gabonetako afaria prestatzen dugu.

-Olentzero hurbiltzen da Santa Rosara?

Susan – Oraindik ez da ailegatu… Baina nahiko nuke eta, izatez, honi buruz berba egin dugu. Ospakizun petoagoa izan daiten. Euskaldun zein ez-euskaldunentat interesgarriagoa litzatekeela uste dut. Agian aurten gerta daiteke…

-Zein da euskararen egoera bertan? Ba al duzue euskal hiztunik? Ala euskara eskolarik?

Susan – Badaude euskaldunak, baina oraindik ez dugu eskolarik antolatzea lortu. Jendea lanpetuta dabil. Baina, adibidez, badakit neure alabek pozarren egingo zutela, hurbilago biziko balira. Leku guztietatik urrun bizi gara, baina. (barre egiten du).

-Gaur egunean euskal etxe bat sortzeko zein da alderik zailena?

Susan – Bete behar diren paper guztiak, burokrazia guztia. NABOren (Ipar Ameriketako Euskal Etxeen elkartea) parte gara eta Eusko Jaurlaritzaren erregistroan sartzeko prozesua aspergarria bai, baina zaila ez da.

-Zaila al da jendea eta bazkide berriak erakartzea?

Susan – Egia esan ez dugu alor horretan ezer berezirik egiten eta jendea eta bazkide berriak modu naturalean hurbiltzen dira. Gauzak antolatzen ditugula eta ondo pasatzen dugula ikusten du herriko jendeak eta batu egiten zaiigu.

Richard – Mus txapelketa du gustuko jendeak, Homedale (Idaho) eta Boise ingurutik datozkigu asko.

Susan – Egia esan bazkide berri gehienek mus txapelketagatik eman zuten izena, beraz gainerako gauzetan ez dira oso aktiboak.

-Zenbat zarete?

Susan – Ehun bat bazkide inguru izango gara.

-Eta, etorkizunean, lekukoa hartuko dizuen belaunaldi gazteagorik ba al duzue?

Susan – Badaude batzuk, baina ez dira asko. Baby boom  garaikoak dira gure kide gehienak (barre egin du), 40, 50 eta 60. harmakadakoak… Badaude gazte batzuk, baina ez dakit honekin jarraitu nahiko duten ala ez. Baina batek daki, ondo pasatzen dugula ikusten badute agian bai. Baikorrak izan behar!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia