euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sukataldeko sukaldari gazteek beren burua aurkeztu dute, indarrak batzea eta elkarlana helburu

2010/10/27

Sukaldaritzaren izen handiak atzo Kursaalen egin zen ekitaldi batean bildurik: Eneko Atxa, Iñigo Cojo, Elena Arzak, Markel Olano gipuzkoar ahaldun nagusia, Juan Mari Arzak, Pedro Subijana, Martin Berasategi eta Andoni Aduriz (Mikel Fraile-DV argazkia)
Sukaldaritzaren izen handiak atzo Kursaalen egin zen ekitaldi batean bildurik: Eneko Atxa, Iñigo Cojo, Elena Arzak, Markel Olano gipuzkoar ahaldun nagusia, Juan Mari Arzak, Pedro Subijana, Martin Berasategi eta Andoni Aduriz (Mikel Fraile-DV argazkia)

PUBLIZITATEA

Urtebetetik gora daramate elkarlanean, eta maiatzean eratu zuten elkartea, baina mundura jaio, urri honetan jaio da Sukatalde, Gipuzkoako Sukaldari Gazteen Elkartea, bere lehen aurkezpen publikoarekin. «Une historikoa» dela azaldu du Iñaki Galdos Gipuzkoako Kanpo ekintzako ahaldunak ekitaldian, «hutsegiterik egiteko beldurrik gabe» esan daitekeela hori. Izan ere, ahaldunak gogorarazi moduan, 1977an ere prentsak sukaldari belaunaldi berri batez hitz egiten zuen, gerora Euskal Sukaldaritza Berria deituko ziotenaren bultzatzaileek osatutakoa. Berriak argitara emaniko artikulua da, Irune Lasak sinatua.

Irune Lasa/Donostia. Antzeko anbizioak ditu Sukatalden bildu den belaunaldi berriak. «Indarrak batzea» dute helburu, «lanbidea hobeto ezagutu eta helburu komunak lortzeko». Edorta Lamo (A Fuego Negro, Donostia) eta Aizpea Oihaneder (Xarma, Donostia) izan ziren elkartearen bozeramaile aurkezpenean [urriaren 14ean Donostian]. Azaldu zuten Gipuzkoaren sustapenerako ahaleginak egiteko asmoa duela Sukataldek; hori bai, elkartearen ekintzetan sukaldari gazteon filosofia eta proposamen gastronomikoak zabaltzeko ekimenak izango dira nagusi.

Alde horretatik, bidea urratu dute jada, batez ere bertako kalitatezko produktuen ezagutzaren inguruan, Arabako boilurra, Idiazabalgo gazta... Prestakuntza ikastaroak ere egin dituzte. Aurrera begira, pentsatu dute aipatutakoekin jarraitzea, topaketa egutegia antolatzea eta elkarrekin beste hainbat jarduera egitea. Hemendik gutxira, berriz, elkartearen webgunea garatu eta sare sozialetako presentzia landuko dute. Lan horren hastapena besterik ez da www.sukatalde.com gunea. Era berean, parte-hartze aktiboa izango dute datorren asteko Euskal Herriko Pintxo Lehiaketan eta aurtengo Gastronomika eta Cook & Fashion ekimenetan.

Hamalau sukaldari gaztek osatzen dute elkartea oraingoz. Eta Yeyette Etxea, Sukal Leku Fundazioaren etxea izango dute egoitza soziala. Sukatalde elkartea zabalik dago lanbidearen ezagutzan sakontzeko asmoa duten herrialdeko sukaldari gazteentzat. Jatetxe batekin kontratua izatea eta beste kideen %80ren babesa dira bete beharreko baldintzak.

(2010-10-15ean Berriak argitaratutako artikulua)

DONOSTIA, MUNDU MAILAKO SUKALDARIEN GAILUR

Bestalde, gutxiago geratzen da Donostian San Sebastian Gastronomika kongresua has dadin. Horren aurrekari, joan den igande eta astelehenez Donostia munduko chef onenen biltoki bilakatu zen, 'Les grandes tables du monde' elkarteko kide diren ehun bat sukaldariri harrera ematerakoan. 1954ean eratutako elkarte hau Paul Bocuse buru sortu zen eta mundu osoan 23 herriualdetan barreiatutako 122 jatetxe biltzen ditu "kalitatea defenda, aniztasunean" lelopean.

Donostiako gaurko prentsak islatzen duenez, azken egunotan donostiaratutako chef-en artean Michel Gerard eta Europa osoko hiru Michelin izardun gehienak zeuden, Maria Cristina hotelean ostatu harturik, euren biltzar nagusia egitearren. Gauez gala-afaria eskaini zieten Juan Mari Arzak, Pedro Subijana eta Martin Berasategik, txalo beroak jaso zituzten euren azkeneko sorlanak aurkeztuz.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia