euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sukalde eta Emprebask elkarteak aurkeztuko dituzte bihar Mexiko DFn, Guillermo Echenique partaide

2011/04/13

Juantxo Sanchez Sukaldeko presidentea eta Maria teresa Fernandez Emprebask-Mexikoko presidentea biharko ekitaldia aurkezten Jaurlaritzak Mexiko DFn duen Bulegoan
Juantxo Sanchez Sukaldeko presidentea eta Maria teresa Fernandez Emprebask-Mexikoko presidentea biharko ekitaldia aurkezten Jaurlaritzak Mexiko DFn duen Bulegoan

PUBLIZITATEA

Eusko Jaurlaritzak Mexikon duen Bulegotik aditzera eman denez, euskal jatorriko Emprebask eta Sukalde elkarte mexikarrak aurkeztuko dira bihar Mexiko DFn, bertako jatetxe batean eta euskal-mexikar sukaldari baten menua lagun egingo den jendaurreko hitzorduan. Gisa batera edo bestera Euskadirekin lotutako enpresari, profesionak eta negozio-pertsonak biltzen ditu Emprebask-ek, eta gastronomiarekin lotutako chef eta profesionalak Sukaldek. Ekitaldiko gonbidatuen artean Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi den Guillermo Echenique aipa daiteke, eta bertan espero dira baita ere Ipar Ameriketako Euskadiko Ordezkaritzako arduradunak, beti ere Sukaldeko presidente Juantxo Sanchez eta Emprebask-eko Maria Teresa Fernandezekin batera.

Mexiko Hiria, Mexiko. Euskadirekin lotutako bi elkarte hauen aurkezpen edo 'jaurtialdi' berri baten aurrean omen gaude. Sukalde etekin asmorik gabeko elkarte mexikar bat da eta "euskal, mexikar eta bestelako nazionalitateetako sukaldarien ahaleginak bildu nahi ditu euskal gastronomia eta kultura ahalik eta gehien sustatzeko Mexikon". Elkarteak Mexiko hiriburuan ezagunenetakoak diren jatetxeetako chefak baitaratzen ditu, hala nola Biko, D.O., Elago, Jaleo, Puerto de Getaria eta Alaia, batzuk aipatzearren.

Emprebask-Mexikori dagokionez, elkargune izateko bokazioz jaiotako ekimena da, merkataritza loturak sortu eta sustatzea asmo duelarik, euskaldunen eta mexikarren artean eta euren instituzioen arteko zubigintza eginez, horretarako behar diren bitarteko, tresna, lanabes eta zerbitzuak sortuz.

Afaria bihar Elago jatetxean

Hitzordua bihar osteguna izango da, apirilaren 14ean, arratsaldeko zazpi t'erdietan, Elago jatetxean, Laku Handian, Chapultepec-eko Basoaren bigarren sail edo sekzioan, Miguel Hidalgo Delegazioan. Parte hartzeko aldez aurretik beharko da jakinarazi eta dagokion erreserba egin. Afarioan honako jakiak zerbitzatuko dira:

-Hastapen gisa, moskatel mahats, zitriko eta kitchi bitsdun koktela
-Jicama, Behe Kaliforniako ostioi eta har-gatzezko gazpatxoa, Pedro Martin egile (Jaleo-koa)
-Txangurroz betetako pikilo piperrak, Mikel Alonso egile (Biko-koa)
-Robaloa eskamoleen pil-pilean eta cuitlacocheko beltzean, Pablo San Roman egile (D.O.-koa)
-Kobe behiki masaila eztiduna, espezieduna eta makilgoxo aireduna, Alberto Ituarte egile (Alaia eta Puerto Getaria jatetxeetakoa)
-Mamey-ko laba eta bere sorbetea, Juanto Sanchez egile (Elago jatetxekoa)

Sukalderen ekintzak datozen hilabeteetan

Sukaldeko presidente den Juantxo Sanchez-en esanetan "gaur egun Espainiako estatua lehena da munduan gastronomiari dagokionez". Gogora ekartzen du duela hamabost bat urte egin zela Sukalde abiarazteko lehenengo saioaldi bat, nahiz eta garai hartan euskal sukaldariek gehienbat "euren kasa behar zuten aurrera egin, eta egun aldiz Euskal Sukaldaritza Berria delakoa aitzinean doan marka da".

Azaltzen duenez, Sukaldek Oaxaca-ko Gastronomia jaialdian parte hartzeko asmoa dauka aaurten, baita Torreongo Hamabostaldi Gastronomikoan ere, eta horrekin batera Mexikon zehar ibilbide bat egiteko exedez dabiltza.

Euskal profesional gazteak Mexikon lan bila

Maria Teresa Fernandez, Emprebask-eko presidentea, berriz, Mondragon Taldearen Mexikorako ordezkaria da eta bere ustez biharko ekitaldian Emprebask eta Sukalde elkarren eskutik aurkeztu izana gauza logikoa da, "negozioak egiteko bide egokiena, Mexikon zein Espainian, mahai on baten inguruan eta ardoa tarteko baita".

Fernandezek azaltzen du Emprebask-Mexiko enpresarientzako elkargune eta topagune bilakatzeko bokazioz sortua dela, eskarmentuak trukatu eta networking egiteko. Emprebask-en gauzatu nahi duten proiektuetako bat lan-poltsa bat dela, dio,  "azkeneko urtean %50 eta %80 artean hazi baita Euskaditik Mexikora lan bila kurrikulumak bidaltzen dituzten euskaldunen kopurua".

Lizentziatuak eta doktoregoak egindako jendea omen dira, hala nola abokatuak, ingeniariak, langile espezialdu eta ikasleak. "Hona mugitu behar izateak ez die axola, honela lanpostua lortzen badute", hori gertatzen dela, gainera, nahiz eta Euskadiko langabezia tasa Espainiako bataz-bestekoarena baino askoz txikiagoa izanda, %20a baitute, Euskadin %10a den bitartean".

-Webgunea, Emprebask-Mexiko: http://www.emprebask.com.mx

[ekitaldian parte hartu nahi izatekotan, 52085886 edo 5513423983 zenbakietara behar da aldez aurretik adierazi]



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia