euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sukaldaritza eta kultura gailendu ziren Puerto Madryngo Gizataldeen Jaian, bertako euskaldunen eskutik

2010/11/04

Puerto Madryngo Gizataldeen Azokan, euskaldunen izenean, Wendy Mariezcurrenak hitz batzuk irakurri zizkion bildutako jendeari
Puerto Madryngo Gizataldeen Azokan, euskaldunen izenean, Wendy Mariezcurrenak hitz batzuk irakurri zizkion bildutako jendeari

PUBLIZITATEA

Patagonia argentinarrean, Chubut probintziako Puerto Madryngo Gizataldeen Jaia gauzatu berri da urriaren 9 eta 10ean. Bi eguneko ekitaldia 710 zenbakidun eskolan egin zen eta hamahiru kolektibitatek hartu zuten parte, tartean, alemaniarra, boliviarra, uruguaitarra, italiarra, txiletarra, galestarra, Andes Mendikateko Cuyo herrikoa, Argentinako berezko herriena eta euskaduna. "Bi stand muntatu zituen kolektibitate bakarra izan ginen, eta esan behar da lekurik bisitatuena ere izan zela gurea”, adierazi dio EuskalKultura.com-i Puerto Madryngo euskaldunak batzea lortu duen Maria Julia Ercoreca euskal argentinarrak.

Puerto Madryn, Argentina. Bi stand aurkeztu ditu aurten euskal kolektibitateak Puerto Madryngo Gizataldeen Jaian. Stand grastronomikoan, pintxoak eta kalimotxo eta txakolina eskaintzen zitzaien bisitariei; bestean, stand kulturalean, oro har euskaldunei eta Euskal Herriari buruzko informazioa. Bertan mapak, abizenen esanahiak, txapela eta lauburuari buruzko testuak eta Gabriel Arestiren 'Nire aitaren etxea defendituko dut' olerkia --munduko dozenaka hizkuntzetara itzulia izan dena-- irakurgai zeuden.

Puerto Madryngo Gizataldeen Azoka 2010 01

[Stand gastronomikoan pintxoak, kalimotxoa eta txakolina eskaini ziren]

Azokaren bi egunotan, Madryngo euskal kolektibateari buruzko bidea proiektatu zen standean: euskal asteko eta Immigrantearen Eguneko irudiak ikusi ahal ziren. Dantzariek ere euren paregabeko ekarpena jarri zuten jaian. Oholtza gainean, baita standen aurrean ere, Fandango eta Arin Arin dantzatu zituzten lekua alaitzeko.

Puerto Madryngo Gizataldeen Azoka 2010 02

[Maria Julia Ercoreca Landaluze senar-emazte euskal argentinarrarekin. Euskal Herritik etorri berriak, material frnago ekarri zuten standean ikusgai ipintzeko]

Igandeko banderen kabalkadan ere hartu zuten parte euskaldunek. Desfilean Wendy Mariezcurrenak, euskaldunen izenean, mezua irakurri eta luzatu zion bildutako jendeari.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia