San Nicolas, Argentina. San Nicolaseko Euskal Etxea aspalditik da ezaguna bere elkartasun ekintzengatik. Euskal elkarteak sukaldari talde aktiboa dauka, eta honi esker “Etxe Nasaia” izeneko programa darama 2002tik, hilero eskola-adineko haurrei EEan bertan jaten emanez eta euskal kultura zabalduz. Berrogeialdia dela-eta eskolak itxita egon arren, beharrak ez dira desagertu eta euskal sukaldariak, joan den ostiraletik, berriro jarri dira abian astero janaria prestatzeko San Nicolaseko auzoetako jantoki eta askarilekuentzat.
Garai berezia, jardun eta dinamika berezia, hauxe: Batzordeko idazkari eta lehendakariak astero egiten dute elikagai freskoen eskaera eta EEko batek ostiral goizean jasotzen du. Egun berean euskal etxeko gazte talde bat, adinagatik arriskuan ez dagoena, janaria biharamunerako hasten da prestatzen. Larunbat goizean sukaldatuko dute eta eguerdian jantoki bakoitza pasatuko da bila. Ekintza Udalarekin koordinatzen da, laguntzak aldiberekotu ez daitezen, Ana Maria Erausquin lehendakariak EuskalKultura.eus-i azaldu dionez.
Ez du lehenengo aldia San Nicolaseko Euskal Etxeak ezohiko larrialdi-egoera batean laguntza berezia ematen. Urrunago joan gabe, 2017ko uholde handian, sukaldari, bazkide eta elkarteko lagunak kaltetutakoen alde sukaldatu zuten. Gogoan hartu behar da COVID-19ren egoera honetan, ekintza bakoitzak ahalegina eta koordinazioa eskatzen duela, eta Euskal Etxearen egungo egoera ekonomikoa ere ez dela onena, eta horrek ere laguntzeko aukerak mugatzen dituela. Erausquinek azpimarratu du gazteen ahaleginari esker berrekin diotela programari. Berriro ere, bikain San Nicolaseko euskaldunak laguntzen eta indarrak auzolanean batzen herritarren beharren alde.