euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Suitzako Euskal Etxeak eta Café du Soleil-ek laugarren Euskal Eguna antolatu dute Saignelégier herrian

2007/11/03

Ene Bada talde bizkaitarreko kideak (argazkia Gaztelupeko Hotsak)
Ene Bada talde bizkaitarreko kideak (argazkia Gaztelupeko Hotsak)

PUBLIZITATEA

Gaurkoa egun berezia izango da Saignelégier-en. Suitzan ospatzen den laugarren Euskal Gaua antolatu dute bertan Euskal Etxeak eta Café du Soleil elkarteak eta gastronomia eta musika uztartuko dituzte, suitzarrei euskal kultura zertxobait gehiago ezagutzeko aukera emanez. Aurtengo gonbidatua Ene Bada talde bizkaitarra izango da eta bere musikaz gaua alaituko du euskal afari eder baten ondoren. Aurreko urteetako emaitzak lortu ezkero behintzat, festa eta giro ona ziurtatua dago.
Suitzako Euskal Etxeak eta Café du Soleil gune kulturalak Saignelégier herrian laugarren Euskal Gaua ospatzea ahalbidetu dute. Aukera paregabea izango dute suitzarrek Euskal Herriaz zerbait gehiago jakin ahal izateko eta festa giroan gau eder bat pasatzeko. Arratsaldeko bostetan hasi eta gaualderarte iraungo du jaialdiak, tartean afari goxo batez gozatzeko beta ere egongo delarik.

Arratsaldeko bostetan hasiko da jaieguna Giuliano Cavaterra kazetariaren hitzaldi-eztabaida batekin eta zazpietarako euskal afaria dago antolatuta. Azken lau urteetan bezala, musika talde ezagun bat egongo da bertan. Aurten Ene Bada bizkaitarrak izango dira gonbidatuak, 2004an egon ostean errepikatuko dutenak. Euskal Etxeen mundua ongi ezagutzen du hilabete honetan bertan Plateruan bere azken kontzertua emango duen talde durangarrak, ibilitakoa baita, arrakastaz, behin baino gehiagotan Estatu Batuetako euskal festetan.

Euskal musika eta reggae, cajun eta saltsa erritmoak

Kontzertua bederatzi eta erdietan hasiko da. Taldea bost lagunez osatua dago: Eneritz (soinua), Edurtzeta (panderoa), Iñaxio (baxua), Makal (bateria) eta Aitor (gitarra). Bizkaitarrak ezagunak dira jadanik Euskal Herriko gauetan, herri ugaritako festak alaitu dituzte eta dagoeneko. Euskal Herriko tradiziozko musika jotzen dute, beti ere pop, rock, reggae, saltsa edo cajun erritmoekin nahastuz.

Hitzaldia, afaria eta kontzertua Café du Soleil-en izango dira, honako helbidean: Marché Concours 14 2350 Saignelégier, Jura. Bertan parte hartzeko bi txartel mota jarri dira salgai; bata afari eta kontzerturako 40 suitzar frankoko prezioan eta bestea kontzerturako soilik 15 frankotan.


Lotura interesgarriak

Suitzako Euskal Etxea
www.euskaletxea.ch

Café du Soleil-en webgunea
www.cafe-du-soleil.ch

Lehengo urteko Euskal Gaua
Euskalkultura.com-en argitaratua 2006ko martxoaren 2an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia