euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Suipachako Gure Txokoa Euskal Etxeak urte bukaera jaia aurreratu zuen, 2008 zoriontsu baten alde topa eginez

2007/12/13

Zulma Aldabe irakasleak eta euskal etxeko dantzariek hasi zuten jaiko dantzaldia (argazkia SuipachaEE)
Zulma Aldabe irakasleak eta euskal etxeko dantzariek hasi zuten jaiko dantzaldia (argazkia SuipachaEE)

PUBLIZITATEA

Ohi duenez Suipachako Gure Txokoa Euskal Etxeak urte bukaerako jaia aurreratu egin zuen, oporren aurretik elkarteko bazkide eta lagunak biltzeko. Aurten jaia Sociedad Rural elkartearen egoitzan egin zuten eta bertan bildu ziren Gure Txokoako zuzendaritza batzordea, bazkideak, senitartekoak eta lagunak. Lagunarteko bazkaria egin eta ondoren euskal musikaz eta dantza erakustaldiaz gozatu ahal izan zuten. Euskaraz egin zen brindisarekin ongi etorria egin zioten urte berriari, aurtengoa bezala ekimenez beteta etorriko denaren esperoan.
Urte bukaera joan den abenduaren 2an heldu zen Gure Txokoa Euskal Etxera, elkarteak urtero egiten duen jaiarekin. Aurten ere partaidetza handia izan zuen hitzorduak eta giroa bikaina izan zen, Gure Txokoako arduradunek azaldu dutenez. Jaia Sociedad Rural elkartearen egoitzan egin zuten eta eguerdi aldera hasi zen. Bazkariarekin ekin zioten jaiari eta euskal musikaz gozatzeko aukera izan zuten bertaratu zirenek.

Bazkalostean dantzaldiaren ordua heldu zen. Zulma Aldabe irakasleak eta euskal etxeko dantzari taldeak hasi zuten erakustaldia, taldea biltzen joan den errepertorio gero eta zabalagoko euskal dantza sorta bat aurkeztuz. Ostean baina, publiko gisa bertaratutako elkarteko kide batzuk ere bat egin zuten dantzariekin eta giro ederrean batu ziren dantzara, gehienbat 'mutxikoen' pausoek erakarrita, gauza gutxi baitaude partaidetza giroa ekartzeko Euskal Herri ipar eta ekialdeko dantza hauek bezala.

[Goiko irudian ekitaldian parte hartu zutenetako batzuk gorputza kalejira batez dantzatzen]

'Topa Nirekin!'

Une eder eta dibertigarri ugari izan bizi ziren jaian, baina berezienetako bat brindisarena izan zen. Postrearen ostean Javier Zubillaga mercedestarrak, José C. Pazeko euskara irakaslea alboan zuela, urte berriaren alde topa egiteko gonbitea luzatu zien bertaratutakoei. Zubillagak jaian zeudenei bere euskarazko hitzak errepikatzeko eskatu zien: 'Gora-behera-erdira eta barrura' eta 'Topa nirekin'. Bakoitzak ahal zuena egin zuen ahoskatzearekin baina gogo eta umorerik ez zuen falta izan brindisak.

Ondoren, 'arratsaldea giro bikainean igaro genuen, dantzan eta solasean, urteko jarduerei bukaera emanez', azaldu dute Gure Txokoako arduradunek. Bide batez, elkarteko zuzendaritzak euren ekimenetan parte hartu nahi duen orori euskal etxera bildu eta Gure Txokoa ezagutzeko gonbitea egin diete. Bertan zeudenei eta elkartearen lagun guztiei, Suipachatik kanpokoei ere, Zorionak eta Urte Berri 2008 zoriontsua desiatzeko baliatu nahi du Euskal Etxeak lerro hauek eskaintzen dien aukera.


Lotura interesgarriak

Gure Txokoa Euskal Etxea, Suipacha
www.vascosdesuipacha.blogspot.com

Suipachako Euskal Etxea partidoaren 143. urteurrenean
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko azaroaren 12an

350 lagun Gure Txokoaren urteurrenean
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko abuztuaren 15an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia