euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Suipachako Euskal Etxeak, Argentinan, 350 lagundik gora gehiago bildu zituen bere sorreraren 8. urtebetetzera

2007/08/15

Lantzeko Inauteria dantzatu zuten Suipachan
Lantzeko Inauteria dantzatu zuten Suipachan

PUBLIZITATEA

'Jai zoragarria', hitz hauekin deskribitu dute Suipachatik, Buenos Aires probintzia argentinarrean, bertako 'Gure Txokoa' euskal etxearen sorreraren 8. urtebetetzea ospatzeko joan den uztailean Unto Monumentalean eginiko egunpasa eta bazkari-festa. 350 lagundik gora hartu zuten parte, dantzariak-eta barne, tartean baita Suipachako gazte eta gaztetxo asko ere, Jose Martin Apezteguiaren gidaritza izan zuen festa hau familia ospakizun gisa sortu baitzen.
Inguruko euskal etxeak ere bildu ziren Suipachako lagunekin ospakizuna elkarbanatzeko eta gisa horretan heldu zen, esaterako, José C. Paz-eko Toki Eder euskal etxeko ordezkaritza bat. Ekitaldiak uztailaren 8an egin ziren eta bertaratu ezin izan zuten beste zenbaiten artean Chivilvoy eta General Rodriguez-ko euskal etxeetako lagunek agurrak bidali zituzten. Baita ere egun horietan Euskal Kolektibitateen Mundu Biltzarra zela-eta Europan ziren Mariluz Artetxe FEVAko lehenkariak, Euskadiko argentinar ordezkaria den Marieli Díaz de Mendibilek eta Mikel Ezkerro euskal-argentinar azterlari eta hitzaldi-emaile ezagunak.

[Suipachako urtebetetze-ekitaldiko ikuspegi orokorra, gazte eta helduz]

Ospakizuna Euskal Etxeko lehendakari den Alberto Irastorzak bildutakoei eskainitako ongi etorri hitzekin hasi zen. Ondotik 'Gure Txokoa'k FEVAren aurrean daukan ordezkaria mintzatu zen; Antonio Caracochek bertaratutakoei Gabriel Arestiren 'Nire aitaren etxea' poema irakurtzeko baliatu zuen bere tartea, eta jendearen esku zartak lortu zuen bere irakurraldiak. Esku zarta edo txalo ederrak baita ere, kalejira musika lagun bertako euskal dantzariak agertokira inguratu zirenean lortutakoak. Dantzari txikienen polkak hainbaten gogoa biztu zuen, txalo entusiasmatuak sortuz. Eta haren ostean ailegatu zen errekiaren edo haragi erre edo hemengo ospakizunetan sekula falta ez den asado tipikoaren unea.

Postre edo deserten momentuan dantzari gazteak eta txikienak, Zulma Aldabek gidaturik, Sagar Dantza dantzatu zuten, baita Lantzeko Inauteria ere. Dantza exhibizio eta oro har emanaldi guztien artetik jende askoren begi-ninietan bereziki marraztuta gelditu zen emanaldia, Mercedes Clarac haurtxoak trikitixa edo akordeoi tipia joz eskaini zuena izan zen. Azkenik, 'hotz handiari aurre egiteko', antolatzaileek dixit, ilunabarra pasatu arteko dantzaldi herrikoiak hartu zuen protagonismoa, 'Los Marginados' taldearen eskutik.

Lotura interesgarriak

Suipachako Gure Txokoa Euskal Etxea
www.vascosdesuipacha.blogspot.com

San Juan sua eta su artifizialak Suipachakoen eskutik
2007ko uztailaren 14an EuskalKultura.com-ek argitara emana

Suipachako alkateak eta EEko lehendakariak Gernika ohoratu
2007ko maiatzaren 21ean EuskalKultura.com-ek argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia