Donostia-San Sebastián. Urriaren lehenengo hamabostaldia oso berezia izango da Sua eta Neomak euskal talde gazteentzat, Hego Korean eta Japonian izango baitira biran, jaialdi eta aretoetan jotzen, herrialde bakoitzeko leku esanguratsuetan kontzertuak ematen. Elkarrengandik musika oso desberdina egiten badute ere, egungo euskal panoramako bi tanta dira eta izan ere, aniztasun horixe bera jendaurretuko dute tourrean. Seul izango dute lehen geltokia eta bertan urriaren 6an "Zandari Festa" musika azoka ospetsuan hartuko dute parte. Talde bakoitzak kontzertu bana eskainiko du showcase formatuan, Asiako musika sektoreko sustatzailentzat.
Horrekin batera urriaren 7an euskal gau bat antolatu dute bertan, "Basque Night". Bi taldeek joko dute eta gaua itxiko du Japoniakoa izanik euskal musikarekin lotura estua duen 'DJ Txakok'. Japoniatik atera gabe, urriaren 11n "Fight For Rights" jaialdian joko dute, Tokioko Chofu Cross aretoan. Ondoren, urriaren 14an eta 15ean, M Festival jaialdian hartuko dute parte, Minakamiko mendietan, Japonia erdialdean.
Sua taldea 2018an sortu zen Jataben (Bizkaia), eta kide dauzka Ane Barrenetxea (ahotsa), Janire López (baxua), Julen Gilbert Wrightek (gitarra) eta Esteban Gaviria(bateria). "Gorde Genituen Beldurrak" da taldearen bigarren pop-rock diskoa, 2022ko ekainean argitaratua.
Suaren "Ez dira gai" kantu eta bideoklipa
Bestalde, Neomak taldea zazpi emakume gaztek osatzen dute: Eneritz Aulestia, Alaitz Eskudero, Leire Etxezarreta, Irati Gutierrez, Maria Lasa, Amets Ormaetxea eta Garazi Otaegi dira. Kepa Junkera laguntzen ezagutu zuten elkar, “Sorginak” lez, eta betidanik egon dira pandero eta trikitixa munduarekin lotuta. Proiektu honetan, fusio berezia lortzen dute tradizioa eta garaikidekoa uztartzen. Emaitza berritzailea da eta 2022ko martxoan argitaratutako "Neomak" diskoan entzun dezakegu.
Neomak taldearen "Ilargi berriak" kantu eta bideoklipa