euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Su zelaiak" eleberriaren irakurraldia Berlingo Etnologia Museoan, Euskal Etxeak antolatuta

2016/02/10

Mikel P. Anza idazleak irakurri zituen bere eleberriko pasarteak Etnologia Museoko taulgainean (argazkia Berlin EE)
Mikel P. Anza idazleak irakurri zituen bere eleberriko pasarteak Etnologia Museoko taulgainean (argazkia Berlin EE)

PUBLIZITATEA

Iragan igandean Mikel P. Ansa idazleak "Su zelaiak" eleberriko pasarteak irakurri zituen Berlinen, euskal etxeak antolatutako ekitaldian. Liburuaren gaiaren harira, irakurraldiarekin batera, Lehen Mundu Gerran Alemanian preso egon ziren euskal soldaduei grabatutako 12 kanta hunkigarri izan ziren entzungai irakurraldian tartekaturik.

Berlin, Alemania. Berlineko Euskal Etxeak Mikel Peruarena Ansa idazlea ekarri zuen iragan igandean Berlinera, bere eleberria, "Su zelaiak" izenekoa, aurkezteko. Idazleak liburuko pasarte batzuk irakurri zituen Berlingo Etnologia Museoak duen zinema aretoan.

Adin guztietako berrogeitabost bat entzule gerturatu ziren Dahlem auzoan dagoen Etnologia museora, euskal etxeko presidente Ainhoa Añorgak EuskalKultura.com-i agertu dionez. Euskal entzuleaz gain, aleman entzule ugari ere izan ziren, irakurraldi honetarako propio egindako behin-behineko itzulpenari esker.

Irakurraldia amaitutakoan, Mikel P. Ansari zenbat galdera egiteko parada bikaina aprobetxatu zuten entzuleek. Irakurraldiaren ondoren, aretoan idazlearekin hasitako elkarrizketari jarraipena eman zion Euskal Etxeko kide eta lagunen talde handi batek, eta inguruan dagoen jatetxe batean jarraitu zuen solasaldia.

Etnologia Museoko musikologia saileko arduradunak oso pozik azaldu dira Euskal Etxeak beraien aretoan antolatu duen lehen kultur ekintza honekin. Eta etorkizunerako Museoko ateak zabalik daudela Euskal Etxearen ekintzetarako azaldu dute.

Euskaldunak Igo Mundu Gudan

Honakoa da eleberriaren sinopsia:

"Frantziako Armadak 1914ko udan gerrara deitu zituen euskal gazteak ere. Hilabete gutxi batzuetako kontua izango zela uste zutenak tronpatuta zeuden, ordura arteko gerra odoltsuena bilakatuko baitzen, 60 milioi pertsonaren mobilizazioarekin eta teknologia militar berrienarekin.

Baionako Infanteriako 49. Erreximenduaren ibilerak aletuz, krudelkeria neurririk gabeko haren kontakizun gordina dakar Mikel Peruarena Ansaren bigarren nobelak. Soldadu saldoa duzu protagonista, infernuko zelaietan sarraski kolektibo batean kiskalia. Eta soldadu haien guztien artean da Filipe Luro ikazkina ere, Arnegiko basoetan txondorren aldamenean tabakoa landatzen zuen huraxe bera, orain lubaki lokaztuetan Maitenaren gutunen esperoan dagoena".

Liburua erosteko, jo hona.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia