euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Standak Concordia erdian euskaldunen jarduerak zabaltzeko eta larunbat honetan, afaria euskal etxean

2016/05/05

Concordiako Euskal Gizataldea Euskal Etxeko kideak Aberri Eguneko mezan
Concordiako Euskal Gizataldea Euskal Etxeko kideak Aberri Eguneko mezan

PUBLIZITATEA

Euskal kolektibitateak egiten dituen ekintzak eta Euskal Herriaren berri zabaltzeko asmoz, stand kulturalak antolatuko ditu Concordiako Euskal Etxeak, hilean behin, hiriko 25 de Mayo plazan. Berri honekin batera gonbite bat ere luzatzen dute lagunek: larunbat honetan urteko lehenengo afaria egingo dute euskal etxean.

Concordia, Argentina. Bi ekintza antolatu ditu aurten Concordiako Euskal Gizataldea Euskal Etxeak Aberri Eguna ospatzeko. Lehenengoa, Aberri Egunean bertan (aurten martxoaren 27an) izan zen, hiriko San Antonio de Padua Katedralean, Bazko mezaren ondoren. Urtero bezala, euskal dantza erakustaldia egin zuten Gazte Lurra taldeko dantzariek, elizaren parean. Eskainitako dantzen artean, ‘Neskatxena’, ‘Lakartarrak eta Ahuntxa’, ‘Fandango’ eta ‘Arin Arin’ aipa daitezke.

Hala ere, hori ez da erakundeak Aberri Eguna ospatzeko antolatu duen ekintza bakarra. Datorren asteburu honetan –antolakuntza arazoengatik ezin izan baitzen lehenago egin– 'Aberri Eguneko paella' egingo da, Euskal Etxeko lagunen arteko urteko lehenengo afaria ere izango den elkarretaratzean. Hitzordua maiatzaren 7an da, gaueko 9:30etan, Mitre kaleko 488. zenbakian. Afarian zehar, dantza ikuskizuna eskainiko dizkie etxeko taldeak bildutakoei.

Kultur Standa

Komunitateari begirako ekintzak antolatze aldera, stand kultural bat muntatuko du Concordiako Euskal Etxeak hilean behin hiriko 25 de Mayo plazan. Asmoa da euskal etxearen ekitaldiak eta orokorrean euskal kultura jendearengana hurbiltzea eta bide batez, instituzioak garatzen dituen aktibitateak hedatzea.

Lehenengo ‘ateraldia’ apirilaren 29an izan zen eta antolatzaileen esanetan “oso arrakastatsua izan da. Jende asko hurbildu zen jakin-min handiarekin euren abizenaren esanahiaz galdezka eta familiaren historiak kontatzera. Eta euskal dantzak ikustera ere inguratu zitzaizkigun hainbat lagun. Esperientzia polita izan zen eta errepikatzeko asmoa dugu, hilean behin edo, posible bada, bitan”, azaldu digu etxeko dantzari den Cecilia Silva Torreak.

Hurrengo standaren data oraindik ez da erabaki, baina ‘Centro Vasco Concordia Ibaiko Izarra’ izenpean dagoen erakundearen Facebook kontuan jakinaraziko da laster.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia