euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

SPRIren nazioarteko sareak enpresariekin topaketa egingo du Bilbon, munduratze aukerak aztertzeko

2008/11/11

Enpresari talde bat Txinako negozio aukerak aztertzen iazko edizioan (argazkia SPRI)
Enpresari talde bat Txinako negozio aukerak aztertzen iazko edizioan (argazkia SPRI)

PUBLIZITATEA

Euren jarduna mundura zabaldu nahi duten euskal enpresek aholkulari bikainak izango dituzte bihar eta etzi Bilbon SPRIk (Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzua) egingo duen topaketan. Intergune du izena bilkura honek eta hirugarren edizio honetan SPRIk munduan zehar 51 herrialdeetan dituen aholkularitza eta sustatze bulegoetako arduradunak bertan izango dira, herrialde horietara zabaldu nahi duten enpresei aholkuak eta laguntza emateko asmoz.

Barakaldo, Bizkaia. BEC (Bilbao Exhibition Center) gunean egingo da SPRIren Intergunea topaketaren hirugarren edizioa, bihar eta etzi. Bertara SPRIk munduko 51 herrialdeetan dituen  Kanpo Sareko agente guztiak deitu ditu eta eurek izango dira, euren ezagutza eta esperientzia pertsonalaz baliatuta, herrialde horietara zabaldu nahi duten enpresei aholkuak eta laguntza emango dietenak. Aditu hauek banan-banan elkarrizketatuko dira nazioartekotzearen alderdiren batean interesaturik dauden enpresekin. Gainera hirugaren edizio honetan euskal enpresarientzat oso interesgarriak izan daitezkeen mintzaldiak eskainiko dituzte, negozio aukerak, hedapen bidean dauden sektoreak, merkatuaren ezaugarriak... bezalako gaiak jorratuz.

Adituekin egingo diren bileratan, gai hauek landu ahal izango dira, besteak beste: ezarpenak Indian; Giza baliabideak Txinan eta Indian; produkzio ezarpenak Errumanian; ezarpenak Europako Batasunean: Kubako merkatuan sartzeko estrategia berriak; Nazioarteko Garraio eta Logistika; Mexiko; ezarpenak Txinan edo nola egin esportazio partzuergoak.

Intersarea zuzenean

Interguneren hirugarren edizio honetan bi zerbitzu berri izango dituzte eskugarri enpresariek: batetik, 'Intersarea zuzenean' zerbitzuarekin Brasil, Txina, AEB, Mexiko, Polonia, Txekiar Errepublika, Errusia eta Turkian ezarpenak izan dituzten bederatzi euskal enpresek beren esperientzia kontatuko dute eta bertara joan nahi duten enpresariekin hitzegingo dute.

Honezaz gain 'Consultbasque' online plataforma ere aurkeztuko dute; webgune honek nazioarteko merkatuan dagoen eskaintza eta eskariaren arteko topagune bat izan nahi du eta 2009ko urtarrilean abian izango da.

SPRIren kanpo sarea

SPRIren bulego iraunkorrak Argentina, Brasil, Txile, Txina, Kuba, AEB, Eslovakia, India, Mexiko, Polonia: Varsovia, Txekiar Errepublika eta Turkian daude. Horrezaz gain tokiko aholkulari talde espezializatuak daude Alemania, Aljeria, Belgika, Bosnia eta Hertzegovina, Bulgaria, Kanada, Korea,  Kroazia, Danimarka, Egipto, Arabiar Emirerriak,  Eslovenia, Estonia, Jugoslavia ohia, Finlandia, Filipinak, Frantzia, Holanda,  Hungaria, Irlanda, Italia, Japonia, Letonia, Lituania, Luxenburgo, Mazedonia, Maroko, Montenegro,  Suedia, Thailandia, Ukrainia, Venezuela  eta Vietnam. Bukatzeko, Euskarri izeneko 'Bussiness Platform'  bulegoak sortu dituzte azken urteetan Txinan (BBP Shanghai), Indian (BBP Mumbay), Polonian (BBP Wroclaw) eta azkena AEBetan (BBP Filadelfia).

Informazio gehiago: www.spri.net


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia