euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Southamptongo Unibertsitateko tesi batek Erresuma Batura heldu ziren Gerrako Umeen memoria aztertzen du

2011/05/17

Susana Sabin-Fernandez Ingalaterran gelditu ziren haur horietako batekin, 2007an Southamptonen egin zen bilkuran. Ondoan, egun hiri ingelesaren kaleetan dagoen plaka oroigarria (argazkia SSabinFernandez)
Susana Sabin-Fernandez Ingalaterran gelditu ziren haur horietako batekin, 2007an Southamptonen egin zen bilkuran. Ondoan, egun hiri ingelesaren kaleetan dagoen plaka oroigarria (argazkia SSabinFernandez)

PUBLIZITATEA

Susana Sabin-Fernandez bizkaitarrak 1937an Erresuma Batuan errefuxiatu ziren gerrako umeen memoria eta aztarnak jasotzen ditu Southamptongo Unibertsitatean aurkeztu duen doktoretza-tesian. Ikerketa honekin egileak bere familiaren istorioa bera izan du aztergai; izan ere, ama Santurtzitik Habana untzian atera ziren 4.000 haur horietako bat izan zen. Taldearen memoriak bizirik dirau eta neska-mutil haietariko askok datorren igandean Euskal Haurren urteroko bazkaria egingo dute Londresen, Southamptonen lehorreratu zireneko 74. urteurrenean.

Southampton, Erresuma Batua. Kasualitateak, edo agian patuak, eraman dute Susana Sabin-Fernandez bizkaitarra Erresuma Batuan gerrako euskal haurren memoria ikertzera. Patua, bere ama, bi izeba eta osaba bat, Habana untzian Southamptonera heldu ziren neska-mutiko talde hartako kideak izan zirelako 1937an.

Patua, aldiz, 1999an, Euskal Herrian hazitako Susana, Southamptonetik oso gertu dagoen herri batera etorri zelako bizitzera, Mark bere bikote ingelesarekin. Etxetik ordu laurdenera zuten euskal haurrak egon zireneko kanpalekua. Kuriosidadeak Susanaren jakinmina piztu zuen eta bere historiaren atal hau ikertzera eraman zuen. Orain, gaiaren inguruko tesia aurkeztu du bilbotarrak. 

Ahaztuak

Ikerketaren izenburua hauxe da: The Basque Children of the Spanish Civil War in the UK: Memory and Memorialisation (Espainiar Gerra Zibileko Euskal Haurrak Erresuma Batuan: Memoria eta Memorializazioa). Tesiak euskal umeen presentziak gizarte ingelesan izan duen isla eta taldeak berak bere buruaz duen irudia aztertzen ditu.

"Erresuma Batuan gai hau oso gutxi jorratu zen urte askotan, eta 2006ean nire ikerketa hasi nuenean haur hauetako askok 'ahaztuak' deitzen zioten euren buruari", azaltzen du egileak. Azken urteotan istorioa argitara ekarri dute eta zenbait dokumental ere egin dituzte gaiari buruz, batzuk BBC kate ingeles ospetsuan. Berreskuratze prozesu honetan zerikusirik izan dute ere Basque Children of '37 bezalako elkarteen lanak eta haurrek urtero egiten dituzten bilkurak.

Integrazioa edo metaketa

Azken urteetan Sabin-Fernandezek bilera horietariko askotan hartu du parte, gerrako haur izan zirenei elkarrizketak eginez eta euren ekintza oroigarriak dokumentatuz. "Ekintza oroigarri publiko eta ofizialak zein pribatuak aztertu ditut, bereziki urtero Londresen egiten duten bazkaria. Maiatzaren 21a inguruan egiten dute, egun horretan atera baitzen Habana untzia Santurtzitik", dio historialariak. Tesian Sabin-Fernandezek hainbat diskurtso aztertzen ditu --herri narrazioa, politikoa, akademikoa, komunikabideena... -- eta horrek nola sortzen eta eraldatzen duen nortasuna.

Uk Gudako Umeak 1 

[Erresuma Batuko Euskal Haurretako batzuk 2010 urtean egin zuten bazkarian. "Argazkia ateratzeko denak elkarrekin jartzeko eskatu nien eta abesten bukatu zuten. Oso ederra izan zen", gogoratzen du Susana Sabin-Fernandezek (argazkia SSabin-Fernandez)]

Sabin-Fernandezek tesian defendatzen duen ideia zera da, ingeles gizartean "integratu" baino (integrazioa nork bere nortasuna utzi eta harrera herriarena hartzea bezala ulertua) euskal haurrek nortasun desberdinak metatu zituztela, Euskal Herrian zein Erresuma Batuan kasuan kasu erabiltzeko.

"Nahiz eta batzuetan arrotz sentitzen direla esan ("hemen atzerritartzat naute eta han ingeles esaten didate"), bi gizarteetan maila guztietan funtzionatzeko gai dira. Inguru ingeles bat ulertzeko eta unean uneko kodea erabiltzeko gai ikusten ditut, eta aldi berean, euren artean edo beste emigranteekin egoerari dagokion portaera agertzeko gauza dira", aipatzen du egileak.

Ikerlari eta errefuxiatuen alaba

Sabin-Fernandezek aitortzen du gaiarekin duen harreman estuak ikerketa zaildu egin diola tarteka. "Ikuspuntu bikoitzetik bizi izan dut dena: batetik, ikerlari bezala, eta, bestetik, errefuxiatuen alaba eta iloba gisa, maila pertsonalago batean. Ez da erraza izan azterketaren objektibotasuna mantentzea, baina aldi berean oso aberasgarria izan da", agertzen du.

Uk Gudako Umeak 2 

[Gerrako haurrak Erresuma Batuan gaur egun: eskubian, Susana Sabin-Fernandezen ama, ezkerrean Ingalaterran bizitzera gelditu ziren umeetako bat (argazkia SSabin-Fernandez)]

Nahiz eta haur hauen istorioa gero eta ezagunagoa izan, Sabin-Fernandezek talde honek sufritu duen mediatizazioa aipatzen du. "2007an, 70. urterrenean, ospakizun asko egin zituzten Southamptonen eta Euskal Herriko agintari eta komunikabide asko etorri ziren. Orokorrean hedabideek eman zuten ikuspuntua nahiko mediatizatua izan zen: istorio "hunkigarri" bat "saltzea" zen helburua, baina albo batera utzi zuten gaiaren funtsa; alegia, zerk ekarri zituen hona eta zergatik ez duten oraindik inolako ordainik edo errekonozimendurik jaso", argudiatzen du.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia