euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Sorlekua utziz geroz" filma: Azken agurra Josie (Carricaburu) Jaureguiri, Piarre eta Mikel Erramousperen eskutik

2020/07/17

PUBLIZITATEA

Rock Springs, AEB. Uztailaren 7an, San Fermin egunez, hil zen Josie (Carricaburu) Jauregui. Rock Springs-en sortua, Gaston and Mary (Larre) Carricabururen alaba, Wyomingeko euskal arrantxari familia batean jaioa, beti eta natural-natural atxiki zuen aitameri ikasitako euskal amerikartasuna, are gehiago Leon Jaureguirekin ezkondu eta bere familia ere giro berean hazi zuenean. Euskaldun fededun, pertsona eskuzabal, emankor eta maitagarria zen, Amatxi bezala inguruko euskaldun eta ez-euskaldun askorendako, komunitatearen gordailu eta oroimen bizi.

Josieri ostiralean, uztailaren 17an eginen diote intimitatean, koronabirusa kari, meza pribatua, hondarreko bi urteotan Leon senarrarekin bizileku izan duen Coloradoko Aurora herrian. Eta Covid-19aren neurriak gainditzen direnean eginen zaio oroimen meza Rock Springs-en.

Baina geuk ere azkeneko omenaldi bat egin nahi izan diogu Josie-ri eta bere belaunaldian bera bezala geure parte eta geure historia diren amerikar euskaldunei. Eta Mikel Erramouspe aldudarrak 1999an bere aitarekin batera Estatu Batuetako eta Wyomingeko lurretan grabatu zuen filma ekarri dugu hona. Josie eta Leon agertzen dira bertan.

"Sorlekua utziz geroz" du izena filmak, eta Mikelek bere aita Piarre Erramousperekin urte hartan Ameriketako Euskal Herrira egin zuten bidaia islatzen du. Piarre, izan ere, artzain ibili zen gaztetan Wyomingeko parajeetan eta ez zen geroztik batere itzulia, eta Mikel semeak eginiko eskaintza onarturik, biak egin zuten 50 urte geroago bidaia. Eta hor bildu ziren berriz ere Josie eta Leon-ekin. Balio dezala aldi berean, iaz zendu zen Pierro Erramouspe lagunaren oroigarri. Gogoan zaitu(zte)gu!

Kanalduderen eskutik, hemen ikus dezakezu "Sorlekua utziz geriz" filma. ordubere eta ia 9 minutu irauten ditu, eta 11' 55"etan heltzen dira Piarre eta Mikel Jaureguitarren etxera eta agurtzen dituzte Josie eta Leon, ondoren 50 urte lehenago Piarre artzain ibilitako mendi-zerrak ikuskatu eta oroitzapenak berritzeko.

Hona Jaureguitarrak bidaia hartzan ezagutu zituen Mikel Erramouspek eman dizkigun omen eta oroitzapen hitzak: "Ene aitarekin 1999an Wyomineko itzulia egin ginuelarik Leon Jauregui eta Josie izan ziren gure harrera hoberena egin zaukutenak. Salt Lake City-rat gure bila jinik aita artzain ibili leku guzietan gidatu gintuzten. Aita, Carricaburu artzain nagusiarentzat [Josieren aitarentzat] ari zen lanean eta urtean behin edo bietan haren familian pasatzen zuten egun bat edo bi, partikulazki Eguberriz. Aitak kondatzen zuen Josie eta bere haurrideekin nola jostatzen zen eta zoin kontent izan zen 50 urteren buruan berriz ikusirik. Bihotz haundiko bikotea osatzen zuten Leon eta biek". Goian Bego Josie (Carricaburu) Jauregui.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia