euskal diaspora eta kultura
2009/06/24
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. Iparraldeko Euskal Etxeak antolatutako Sorgin Afariak harrera beroa izan zuen beste behin publiko zaletuaren artan. Deialdira, euskal etxeko kideak bildu ziren baina baita beste lagun asko ere. Sorgin Afaria San Juan gaua ospatzeko aitzakia da eta orain bi urte hasi zen modu honetan egiten. Festak arrakasta duela ikusita, antolatzaileek Sorgin Afariarekin jarraitzeko asmoa azaltzen dute, Norma Riosen Iparraldeko Euskal Etxeko idazkariak argitzen duenez. Joan den larunbatean, ekainaren 20ean, Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxeak akelarre kutsua hartu zuen, leize, harpe edo kobazulo modura apaindu zen Euskal Etxea eta bertara gerturatu zirenak ere, sorgin eta aztiak izan ziren, itxura guztien arabera behintzat. Denak prest urteko Akelarrea egiteko.
[Amaraun edo armiarmasarez eta kobazulo modura apaindu zuten Euskal Etxea Sorgin Afaria egiteko]
Sorginkerietan hasi aurretik afaria egin zuten bertara bildutako lagunek. Argentinan egun hauetan nahiko eguraldi hotza dabil [neguari ohore eginez] eta beraz, primeran hartu zuten babarrun platerkada, afaltzeko. Beste behin, sukaldari lanetan, Cristina Cordara aritu zen, Euskal Etxeko Kultura Azpibatzordeko kidea. Postrea zerbitzatu aurretik, gaueko lehen sorpresa iritsi zen. Juan Carlos Ibarrolak egurrez egindako zenbait eskulan zozketatu ziren. Afariari esker, giroa berotu eta gau magikoarekin jarraitzeko animoak aurrera egin zuten. Horrela trinketean zenbait joko eta dantza egin ziren, besteak beste jauziak, kontradantza eta fandango bat edo beste.
[Trinketean zenbait joko eta dantza asko egin zituzten San Juan sua piztu aurretik]
[Kontrapasan-eta bertaratutakoek primeran pasa zuten gauari amaiera biribila emanez]
Gauerdian, une garrantzitsuena iritsi zen, San Juan sua piztearena. Tradizioetako batek agintzen duen bezala, parte hartzaileek euren desioak erre zituzten. Aurretik, kide bakoitzari egur zati bat banatu zitzaion bertan desio bat idatz zezan. Ustearen arabera, egur hau San Juan sura jaurtitzean, urte beteko epean eskatutakoa beteko da. Festa bukaeran edabe magikoa --zurrakapotea-- edan, euskal kantak kantatu eta dantza gehiago egiteko aukera izan zuten bildutako 'sorgin' eta 'azti' guztiek.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus