euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Sorginaren Eguna' ospatuko dute Zugarramurdin eta Diasporan San Juan gaua euskal etxeetara helduko da

2008/06/20

Castelli-ko 'Oneratu' Euskal Argentinar Etxeak San Juan Gaua ospatu zuen iragan urtean
Castelli-ko 'Oneratu' Euskal Argentinar Etxeak San Juan Gaua ospatu zuen iragan urtean

PUBLIZITATEA

San Juan Gauaren bezperaren hurbiltasuna eta udako solstizioaren indar magikoetaz baliatuz, Zugarramurdiko herri nafarrak 'Sorginaren Eguna' ospatuko du bihar. Egunean zehar hitzaldiak, kobazuloetara bisita gidatuak eta ekitaldi ugari egingo dituzte. Diasporan ere euskal etxe askok bat egingo dute izpiritu honekin eta San Juan gaua ospatuko dute. Kristau santuaren egunak udako solstizioaren tradizioarekin (neguko solstizioa hego hemisferioan) bat egin du, eguzkiaren boterea eta suaren indar garbitzaileari buruzko sinismen jentilak barneratuz. Buenos Airesen, Chivilcoyn, Mexiko DFn, Madrilen... euskal etxeko kideek tradizioa jarraitu eta suaren gainetik salto egingo dute, aro berrirako gurariak eskatuz.

Zugarramurdi, Nafarroa. Zugarramurdiko Udalak, Sorginen Museoak eta Akelarre Elkarteak antolatuta, herri nafarral Sorginaren Eguna jaiaren lehen edizioa biziko du bihar. Egunean zehar  jarduera ugari egingo dira herriko kaleetan, museoko auditorioan eta kobazuloetan. 'Tusuri' taldearen ikuskizun batek ekitaldiari hasiera emango dio herriko plazan 11:00etan.

Zugarramurdiko kobazuloetan Sorginkeri Feria egingo da 11:00etatik 19:30ra arte saltoki eta kontsulta postuekin. Eguerdian, Gracianne Hastoyk 'Zugarramurdi, Espainian inkisizioaren historia aldatu zuen herria' hitzaldia eskainiko du frantsesez Sorginen Museoko auditorioan. Akrobazia eta joko malabarekin amaituko da goizeko jardunaldia.

Ipuin kontaketa euskaraz, akelarrea...

Arratsaldean haurrek txalaparta ikastaro batean parte hartu ahal izango dute. 16:00etan Juainas Paul Arzakek 'Xareta XVII. mendean. Zergatik gertatu zen sorgin ehiza' hitzaldia eskainiko du. Jarraian, partaideek kobazuloetara bigarren bisita egiteko aukera edukiko dute. Bertan euskarazko ipuin kontaketa egingo da.

Toti Martinez de Lezeak 'Sorginak' hitzaldia eskainiko du 18:00etan eta Bruixot Rebeldek, erritual baten bidez, landareei eskerrak emango die. 20:30etan Akelarrearen txanda iritsiko da herriko antzerki taldearen bidez eta 'Tusuri' taldeak festari amaiera emateko ikuskizuna eskainiko du.


Zugarramurdiko kobazuloetan Akelarrea ospatzen 1998an
[Milaka lagunek Akelarrea ospatu zuten Zugarramurdiko kobazuloetan 1998. urtean (argazkia National Geographic)]


Nafarroatik Mexiko eta Chivilcoyra

Ozeano Atlantikoaren beste aldean, Mexikoko Euskal Etxeko euskaldunek ere udako solstizio eta San Juan bezperako tradizioak biziko dituzte larunbatean bertan. '¡Libérate de los espíritus! lemapean, izpiritu gaiztoak aldendu eta aro berri oparo baten guraria egingo dute Euskal Etxea, 20:00etatik aurrera.

Igandean Sorginak eta San Juan Gaua Argentinara ere iritsiko dira Chivilcoyko Beti Aurrera eta Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxeari esker. Euskal-chivilcoytarrek San Juan Gauaren bezpera ibilaldi batekin ospatuko dute . Herriko udaletxean hasiko da 15:30etan eta Gernika Plazan emango zaio amaiera. Jarduera ostean, partaideek doaneko ikuskizunez gozatu ahal izango dute: euskal dantzen taldearen ekitaldia eta San Juan sua, azken honetan panpin bat erreko dutelarik.

Madrilen eta Buenos Airesen

Madrilen astelehean egingo da jaia eta Euskal Etxean ohitura denez, elkarteko kideek San Juan Gaua ospatzeko afaria egingo dute. Menuan, entsalada, arkumea txilindron eran eta pantxineta. Ondoren gauerdi aldera bazkideek suaren gainetik salto egingo dute.

Argentinan, Buenos Aireseko Iparraldeko Euskal Etxeak, San Juan jaiak antolatzen tradizio handia duen elkarteak, Sorgin Afaria ospatuko du hilaren 28an. Ekitaldia 21:30etan hasiko da Moreno 1370 kaleko egoitzan. Partaideek konjuru bat egingo dute eta zurrakapotea, zozketak, jokoak, kantuak eta dantzekin gozatu ahal izango dute. Jaia hobeto girotzeko antolatzaileek arropa beltzarekin jantzita edo mozorrotuta joateko deia egiten dute.




« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia