euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sonia Hernandez, Valladolideko Gure Txoko: "Pozgarria da ikustea zure euskara ikasleak aurrera ari direla"

2015/04/16

Sonia Hernandez Albistegui
Sonia Hernandez Albistegui

PUBLIZITATEA

Eibartarra da Sonia Hernandez Maiztegui eta 39 urte dauzka. Hamazazpi urte zituela atera zen etxetik Alacanteko Unibertsitatera Optika eta Optometria ikastera. Gero pare bat urte Palentzian eta duela 15 urte Valladolidera iritsi zen. Hiri gaztelar horretan bizi da geroztik, optika batean lanean bazkide. Familia ere bertan sortu du, Valladoliden jaio baitzaizkio bi alabak. "Ane eta Iraia bertakoak dira... eta euskaldunak, nik ezin baitiet beste hizkuntza batean hitz egin", zehaztu digu.

Joseba Etxarri. Atzean geratu ziren euskal ikasleak Valladolidera trumilka unibertsitate ikasketak egitera zihoazen garaiak. Geure solaskideak ez zuen bertan ikasi, Alacanteko Unibertsitatean baizik, nahiz eta Optika eta Optometria titulua besapean eta Palentzian pare bat urteko egonaldia egin ostean Valladoliden topatu zuen lana, beste bazkide batzuekin optika bateko partaide. Hamar bat urte pasatu ziren hirian euskal etxe bat zegoela jakin eta haiekin harremanetan hasi zen arte. 1983an sortutako Gure Txokoko Batzordeko kide eta elkarteko euskara irakaslea da gaur egun, egunak uzten dizkion ordu guztiak aprobetxatuta.

Nolakoa da bizitza Valladoliden?

-Erosoa, okupatuta, normala... Hasiera izan zen zailena, denbora behar da ohitu arte eta zeure lekua egin arte. Hona etorri baino urtebete lehenago ezkondu nintzen, Arraten, eta biok lana hemen lortu genuelako etorri ginen. Batez ere umeak jaio zirenean gauzak asko erraztu ziren eta gaur egun oso ondo gaude. Umeekin, gauzak aldatu eta beste gurasoekin daukazu tratua, haurtzaindegian, eskolan... Valladoliden ondo hartu gaitu. Hiria aberatsa da kulturalki, arkitektura eta hidtoria handiak dauka, eraikinak, antzerkiak dauzka, jaialdiak eta aukera interesgarria, parkeak ere baditu eta gastronomian ere aberatsa da, zer esanik ez ardo kontuetan. Bizitza kalitatea izan dezakezu hemen. Prezioak Euskal Herrian baino merkeagoak dira eta baita soldatak ere.

Euskaldun asko dago?

-Pentsatzen duguna baino gehiago eta euskal etxean ditugun bazkideak baino gehiago. Askotan gertatu izan zait dendan edo kalean norbaitek telefonoz amarekin euskaraz ari nintzela entzun edo alabekin hizketan ari naizela entzun eta esatea eurak ere aita edo ama, edo ingurukoren bat daukatela euskalduna.

Euskal etxea baduzue, Gure Txoko, izan ere txoko baten tankerako funtzionamendua duena.

-Hirurogei bat familia pasexe gara bazkide eta elkarteak auzo batean dauka egoitza, hiru pisukoa, sukalde eta egongeladuna, entsaioak egiteko lekuarekin eta ordenadore areto batekin. Euskal Herriko txokoen antzera gaude antolatuta: bazkide bakoitzak bere giltza dauka eta sukaldea eta instalazioak erabil ditzake, aldez aurretik txanda hartuta. Pare bat aldiz biltzen gara hilabetean eta bazkari/afaria egiten ditugu, abesbatza daukagu eta hauek ere euren entsaioak egiten dituzte, euskara klaseak ematen ditugu eta irteerak ere antolatzen ditugu. Euskal Herritik musikari, idazle, artista edo bisitaren bat badator ere unean uneko emanaldi eta hitzorduak egiten ditugu.

Hamar bat urte eman zenituen hemen bizitzen euskal etxera etorri aurretik.

-Ez genuen ezagutzen txokoa eta bazela jakin genuenean ezagutzera gonbidatu gintuzten eta gaur egun oso kontentu gaude. Giroa eta jendea aparta da, beti daude laguntzeko prest. Senarra Batzordeko kide egin zuten eta pixkanaka hasi ginen sartzen. Halako batean euskara klaseak emateko pertsona  bat behar zuten eta senarrak nik aspaldi EGA atera nuela gogoratu eta proposatu egin zidaten. Denbora aldetik konpromisoa da eta dedikazio pixkat eskatzen du, baina baiezkoa esan eta, egiari zor, oso ondo etorri zait. Azkeneko urteetan, amarekin telefonoz edo haurrekin etxean baino ez nuen hitz egiten, eta HABEren dinamikan sartu naiz, Europako gainerako euskal etxeetako euskara irakasleekin harremanetan eta eurekin lana, eskarmentua eta metodologia partekatzen. 16-18 bat ikasle ditut eta horietatik sei bat dira gogorren ari direnak. Esaterako, pozgarria izan da ikustea duela gutxi nire ikasleetako batek euskara azterketak gainditu dituela Madrilen.

Zure alabak Valladoliden jaioak dira eta euskaldunak.

-Hala da. Senarra Benidorm-ekoa da eta ez du euskerarik egiten eta alaba zaharrena jaio zenean adostu genuen nik gure seme-alabei euskaraz hitz egingo niela. izan ere, berak ere dezente ulertzen du orain. Niretzat garrantzitsua da eta harro nago nire alabak euskaldunak izateaz, ez zait alabei erdaraz egitea ateratzen. Eta eurentzat ere garrantzitsua dela uste dut baita ere. Anek hiru hizkuntza dakizki dagoeneko eta bera ere harro dago, eskolako lagunei euskara irakatsiko diela ere esaten die.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia