euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sol Yañez: "El Salvador herrialde ederra da, bertako jendearen esperantzarekin identifikatzen naiz"

2014/06/26

Sol Yanez sikologo eta pedagogo donostiarra irakasle da El Salvadorreko UCA Unibertsitatean eta aditua da giza eskubideen urraketa biktimen laguntzan (argazkia EuskalKultura.com)
Sol Yanez sikologo eta pedagogo donostiarra irakasle da El Salvadorreko UCA Unibertsitatean eta aditua da giza eskubideen urraketa biktimen laguntzan (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Badira markatzen duten esperientzia eta errealitateak, haiek ezagutzeak ordura artekoa eta haien ondokoa markatzen dutenak eta segitzeko bide bat ere marka dezaketenak. Hori gertatu zitzaion segfuruenik Sol Yañez donostiarrari. Psikologia eta Pedagokian EHUn lizentziatua, 2001eko egun batean UCAra heldu zen, Universidad Centroamericana-ra, El Salvadorren, ikastaro batzuk ematera. Eta geroztik jendea eta herrialdea utzi ezinik dabil.

Joseba Etxarri/EuskalKultura.com. Bere kurrikulum profesionalak Psikologian doktore dio, eta ondotik jarioa, eta tituluak, besteak beste osasun mentalean katastrofe eta indarkeria politiko egoeratan eta nazioarteko kooperazioan; eskarmentua, irakasle eta aholkulari gisa Giza Eskubide urraketa biktimen kasuetan; eta peritutza Giza Eskubideen Amerika-arteko Epaimahaiaren aurrean. Lurrikara baten ondoren iritsi zen El Salvadorrera, ikastaro batzuk ematearren, eta badirudi herrialdeak eta bertako jendeek xarmatu egin dutela.

-Noiz eta zein testuinguruan heldu zinen El Salvadorrera?

-2001eko lurrikararen ondotik ailegatu nintzen. UCAk, Unibertsitate Ertamerikarrak, hondamenditan kaltetutakoei sostengua emateko adituen laguntza eskatu zuen eta hala etorri nintzen, lurrikara jasan zutenei arreta psiko-soziala ematen laguntzeko. Hemen egonik, ordea, lan harekin batera bertako panorama ikusten eta ezagutzen hasi nintzen eta halako batean tailer bat antolatu nuen gerra biktimei zuzendua. Bete-bete egin zen eta han baieztatu ahal izan nuen, Bake Akordioak 1992an sinatu baziren ere, oinazeak indarrean segitzen zuela, gauza asko gelditu zirela zintzilik eta inor ez zela lanean ari egoera horri irtenbideak bilatzen. Horretan lanean hasi nintzen eta, beraz, esan daiteke ez dudala sekula hemen bizitzen geratzeko hautua egin, lan honek egin baitzuen hautua nire ordez. Geroztik irakasle nabil UCAn eta nire lana esandako hori da: Unibertsitatean eskolak ematea eta aholku ematea eta lagungarri izatea Giza Eskubide urraketak jasan dituzten biltimei eta euren elkarteei.

-Zer nolako harrera jaso izan duzu?

-Ikaragarri ona. Jendea hemen, sofrikario gogorrak jasandakoa izan arren, oso kolpatuta egon arren, atsegina da, harrigarria gerta daitekeen harrera ematen dizu, oso esker onekoa da eta horrek eragin egiten dizu. Harrigarria da ikustea askotan izugarrikeria guztien erdian ere gauza izan direla izaera horri, jarrera horri eusteko. Faktore humanoa oso garrantzitsua da niretzat. Lehenengo bidaiaren ondotik Euskadira itzuli nintzenean, hemen ikusitakoa ikusita, ohartu nintzen ezin nuela ez ikusiarena egin eta han egiten ari nintzenak hemengoak baino garrantzia eskasagoa zeukala.

-Zein izan zen geratzera bultzatu zintuen errealitate hori?

-El Salvadorren 10.000 desagertutik gora daude, eurekin zer gertatu den edo euren gorpuak non dauden batere ez dakigula. Ama asko pasatu dira euren etxeetan sukalde lanak egitetik kalera, euren umeak bilatzera, eta antolatu egin dira. Niretzat hori garrantzitsua da, eta garrantzitsua da horretan bidelagun izatea.

-Aurretik ezagutzen zenituen leku eta egoerekin zerikusirik ez.

-Hona etorri baino urtebete edo pare bat urte lehenago, AECIk, Kooperaziorako Espainiako Fondoak beka eman zidan, ikerketa beka, hiru hilabete egoteko Kolonbian. Eta hura baino dezente lehenago Afrikan izan nintzen. Baina hona etortzea bestelakoa izan zen. Espainiako gerraondoko urteetara aldatua nintzela iruditu zitzaidan, 40. edo 50. hamarkadara, gauza ilun batera, jendea urik gabe, batere osasun zerbitzurik gabe, interes amankomuna desagertua eta polarizazio ikaragarria, ez arlo politikoan bakarrik, sozialean ere: batzuk guztia zeukaten eta beste batzuk deus ez.

-Bake Akordioetatik bederatzi urtetara etorrita topatzen duzu egoera hori.

-Akordioak 1992an sinatu ziren, bi aldeetako gailurren artean. Eta ondoren isiltasun aro bat hasi zen. Armak isildu ziren, akordioek hori ekarri baitzuten, armak isiltzea, baina ez desagertzea gerra eragin zuten faktoreak. Horrek berdin segitu zuen, egitura sozialek-eta. Eta sofrikario handia jasan zutenek ez zuten batere laguntzarik izan, ez zen epaiketarik egin gertatutako izugarrikeriak argitzeko, sarraskiak, desagerketak eta gainerakoak hor geratu ziren argitzeke, inork ez zuen ezeren kontu eman, isiltasuna instituzionalizatu zen... Baina aldi berean, jendearen artean, ekimenak hasi ziren, mugitu nahi zuten jende multzoak hasi ziren sortzen, kultura aldetik, Giza Eskubideen aldetik... Nire kasuan, ama horiekin hasi nintzen lanean, eta UCAko ikasleei gertatutakoa azaltzen, taldeak oroimen historikoa berreskuratzen hasi ziren. 2003an biktimak oroitzeko horma eraiki zen, ordura arte jendeak ez baitzeukan leku bat bere ahaide eta lagunei lore-sortak uzteko ere.

-Duela hilabete gutxi 'Heridas Abiertas' (zauri irekiak) liburua aurkeztu duzu.

-Giza Eskubideen Epaimahai Interamerikanoak emandako epai batek eragiten du, biktimei arreta psiko-soziala eman beharrez esaten duenak, alegia. Peritua izan nintzen El Mozoteko sarraskian, non Armada mendialdeko herriska batean sartu eta inguru osoko mila bat pertsona --emakume eta haurrak-- hil, bortxatu eta erre zituen. Urtetan ukatu zuten sarraskia, Maria Julia Hernandez eta Argentinako auzitegi-antropologia talde bat gorpuak ateratzen hasi zen arte, eta denborarekin Giza Eskubideen Epaimahai Interamerikanoak, 2012an, Estatua bere erantzukizunak onartzera behartu zuen arte, lehenik gertatutakoa errekonozituz eta ondoren kalteordainak ipiniz. Kalteordain zen biktimei kasu egitea eta kari horretara arreta integralerako programa bat proposatu nuen. Liburua idatzi nuen eta liburua argitaratu duen Osasun Ministerioko sendagile eta erizainak trebatu ditut, biktimei laguntza psiko-soziala eman ahal izan diezaieten. Izan ere, baikorra izatea gustatzen zait. Aktiboki. Herrialde hau ederra da oso, txiroa, baina gogo handiak dituena, eta ni bertako jendearen esperantzarekin identifikatzen naiz.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia