euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Soilik Constitucion herriak, lehenago Nueva Bilbao de Gardoqui izena zuenak, 350 hildako biltzen ditu

2010/03/01

Eremu kaltetuenak agertzen dituen mapa (Terremotochile.com)
Eremu kaltetuenak agertzen dituen mapa (Terremotochile.com)

PUBLIZITATEA

Aitzeki edo arrazoi estra bat izan daiteke laguntzak areagotzeko, baina Txile Richter eskalako 8.8 neurriz erasotu duen lurrikarak Constitucion izeneko kostaldeko herri txikia jipoitu du gehien, fundazio izenez Nueva Bilbao de Gardoqui izan zuen herria, Santiago Oñederra Alvizu kapitainak 1794an fundatua, orain olatu erraldoi batzuek jota 350 hildako eragin eta herrigunea txikituta eta deseginda geratu den herria. Ahizpa nagusia duen Euskadiko Bilborekin armarri beretsua ere partekatzen duen herri honek 1828ra arte eutsi zion bere euskal izenari, urte horretan Valparaison Txileko Konstituzioa onartu zenez, euskal jatorriko Jose Francisco Gana kongresalak izen berria proposatu zuen arte. Behin-behineko zenbakien arabera, lurrikara eta honek eragindako olatu erraldoiak bereziki astindu dute Constitucion, Bachellet presidenteak goizaldean aipatu dituen 711 hildakoen artean ia erdia bertan izan direlarik. Euskal Etxe argentinar batzuk, hala nola Villa Mercedesko Euskal Etxeak neurriak hartzen eta proposamenak egiten hasi dira kaltetuak laguntzeko. Baita Eusko Jaurlaritzatik ere.

Donostia-San Sebastián. EuskalKultura.com-etik saiatu gara Txileko euskal etxe eta lagunekin harremanetan jartzen, bai Santiagon eta baita bere eremu metropolitarrean ere, eta Valparaison, Concepcion eta Constitucion-en ere, Bio bio eskualdean, oso emaitza desberdinekin.

Txile hegoaldean kaltetuen gertatu diren eremuekin komunikatzea zaila da, nahiz eta Santiago Handiko 'comuna' edo udal batzuetan dagoen egoera ere ez den batere ona. Constitucion herria ezagutzen du lerro hauek idazten ari den kazetariak, bertan elkarrizketak egin, euskal materiala bildu eta herrian negozioak dauzkaten euskaldunekin mintzatua baita; azken orduetan bertakoekin hitz egiten saiatu eta ahalegin guztiak alferrikakoak izan zaizkio.

Santiagoko Euzko Etxea-tik esan digute "guztiak ongi (daudela)", kalte materialen bat salbu, eta "hauek pixkat lan eginez konpontzen direla". Beste lagun batzuk, ongi daudela, baina geroago esango digutela zehatzago, adierazi digute, esanez, hala ere, "izugarria izan d(el)a, mugikorretik ari natzaizu erantzuten, geroago, ordenadoretik, kontatuko dizut lasaiago".

Santiagotik baita ere, beste solaskide batek aipatzen zuen lurrikarak "modu lazgarrian higitu gaitu(ela). Bizi naizen ÑuÑoako comuna (udala) hobekien aurre egin duenetakoa da, Jainkoari eskerrak. Nik baditut argia, ura, telefonoak... Baina ez da honela comuna guztietan, ezta Santiagon ere, eta guztiek ez dauzkate hornidura guztiak. Zer esanik ez, beraz, erregioetan".

Mintzatu garenetako batzuk azpimarratu dute Txile oso lur zerrenda mehea dela eta pasoa mozten bada, erabat moztuta geratzen dela: "Lurrean etena badago, laguntza eten egiten da, ez dira erregaiak iristen, eta ezin dira generadoreak erabili; dendak eta gasolindegiek ezin dute saldu, elikagairik, erregairik. Eta gauza bera elektrizitatearekin eta ur edangarriarekin. Ondorioz anbulantziek eta suhiltzaileen autoek euren bidaia eta ibilbideak murriztu egin behar dituzte. Elektrizitatearen kasuan, argindarra hornitzen bada, suteak areagotu daitezke zirkuitu laburrak sortuz eta hildakoak ekarriz. Zaila da zerbitzuak ematea sarea suntsituta dagoenean. Eta ura, guztia dagoen bezala birrinduta egonik eta hoditeria moztuta, kaleetan libre ibiliko litzateke etxeak murgilduz eta eraikinaz urez betez. Aldi berean, ur hori uherra da eta ez da edangarria".

Ados daude gure solaskideek esatean kaltea "guztioi tokatu zaigula, batzuei gehiago besteei gutxiago". "Olatu handiak sortu dira oso luzera handia duen kosta eremuan, Concepcion hegoaldetik kostalde zentraleraino, Llo-Lleo hondartzaraino bereziki, San Antonio probintzian. Ia 400 kilometroko distantzia". "700 hildakotik gora daude orain arte baieztatuta, baina ziur naiz honek gora egingo duela". "Suntsiketa handia da oso, izugarria da".

Aldameneko Argentinatik, Villa Mercedeseko Euskal Etxeak, San Luis probintzian, bere lehendakari Liliana Rouan medio, mezua helarazi digu esanez bilera batera deitu dituela probintziako udal buruzagiak, tarteko erakundeak eta Villa Mercedesko herritarrak oro laguntza solidario fondo  bat sortzearren Txileko kaltetuak laguntzeko, proposatuz Villa Mercedesko komunitate txiletarreko ordezkari Maria Luisa Sanzek bideratutako laguntza motetara zuzentzea ahaleginak".

Andeen bestaldeko euskal etxeetatik ere, mendilerroaren Argentinako magaletik, gutxiago sentitu zuten, baina sentitu ere ondo sentitu zuten dardara telurikoa, hala nola San Juango Eusko Etxea-koek edo Mendozako Denak Bat-koek, baina kalte pertsonalik gabe. Bi elkarte hauetatik euren alkartasuna aireratu eta herri txiletarrarekin kolaboratzeko euren jarrera adierazi nahi izan dute. Eusko Jaurlaritza ere ibilia da bilerak egiten, lana koordinatu eta baliabideak nola helarazi erabakitzen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia