Silvia Iriondo abeslari euskal argentinarrak bere azken CDa, ‘Tierra sin mal’, aurkeztuko du bihar Eusko Kultur Etxean
2018/05/30
Silvia Iriondo-ren kontzertua Eusketxen
PUBLIZITATEA
Argentinan aberri eguna den Maiatzaren 25eko ospakizunekin bat egiteko, bertako folklorean erreferente den Silvia Iriondoren kontzertu batera gonbidatzen du Buenos Airesko Eusko Kultur Etxeak bihar, maiatzak 31. Emanaldian, bere errepertorioa errepasatu eta ‘Tierra sin mal’ izennurua daraman bere disko berria aurkeztu du kantariak. Hitzordua iluntzeko 8etan da, eta sarrera moduan 200 pesoko laguntza bonu bat eskatuko da.
Buenos Aires, Argentina. Maiatzari ‘agur’ esateko, luxuzko gonbidatu bat jasoko du bihar hiriburu argentinarreko Eusko Kultur Etxeak egoitza duen Lizarraenean. Elkartearen lagun den Silvia Iriondok kontzertu bat eskainiko du eta bere errepertorio historikoa ez ezik, ‘Tierra sin mal’ (Gaitzik gabeko lurra) bere disko berriaren abesti batzuk ere taularatuko ditu laguntzaile dituela Cato Fandrich-ek (pianoa), Mono Hurtadok (kontrabaxua) eta Fernando Brunok (perkusioa).
Argentinako ohitura onei eutsiz, enpanadak eta ardo gorria eskainiko dizkiete Eusketxeko anfitrioiek kontzertua entzutera bertaratzen dienei. Hitzordua bihar osteguna da, iluntzeko 8etan, Mexiko kaleko 1880. zenbakian. Sartzeko 200 pesoko laguntza bonu bat eskatuko da, eta erreserbak eusketxe@gmail.com helbidean egin behar dira.
Silvia Iriondo
Abeslari argentinarra (Buenos Aires, 1955) oso harro dago bere euskal sustraiez eta parte hartze nabaria du euskal gizataldean. Hori ez da harritzekoa kontuan izaten badugu bere gurasoek Buenos Aireseko Lagun Onak abesbatzan ari zirela ezagutu zutela elkar. “Nire guraso eta aiton-amonak euskaldunak ziren, guztiek jotzen edo kantatzen zuten zerbait eta euskal tradizioak zorrotz betetzen ziren nire etxean” azaldu izan du kantariak berak behin baino gehiagotan.
Zaletasuna familiarengandik jaso baina bere bide propioa ere egin du Silviak Euskal Herriko kulturara. Zenbaitetan jo izan du Euskal Herrian bertako musikariekin eta zenbaitetan ere hemen, Argentinan, Euskal Herritik etorritako artistekin. Musikari euskal herritarrekin batera Buenos Airesen emandako azken kontzertua Liburutegi Nazionaleko Auditoriumean izan zen, 2014ko abenduan, Oreka Tx bikoteko lagunekin. Hona kontzertu horretako bideo bat:
[Silvia Iriondo eta Oreka Tx taldeko kideak Liburutegi Nazionalean]