euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Shanghai eta Christchurch hirietako publizitatea desagertaraziko du Maider Lopez artista donostiarrak

2008/05/09

Maider Lopez donostiarrak Shanghain eta Christchurchen lan egingo du kaleetako publizitatea momentu batez ezkutatuz (argazkia DiarioVasco)
Maider Lopez donostiarrak Shanghain eta Christchurchen lan egingo du kaleetako publizitatea momentu batez ezkutatuz (argazkia DiarioVasco)

PUBLIZITATEA

Herritarren partaidetzaren bidez, Txinako Shanghai hiriko eta Zeelanda Berriko Christchurch herriko kaleetako publizitatea minutu batzuez desagertaraztea du helburu Maider Lopez artista donostiarrak. Aurtengo irailean burutuko du euskaldunak proiektua. Ozeaniako ekimenean kale komertzialetako iragarkiak ezkutatu egingo ditu kokapen estrategikoak eta mugimendua erabiliz. Asiako proiektuaren data zehaztu gabe dago oraindik, baina berriro ere jendearen partaidetzaz baliatuz hiri erraldoiaren kale bat panelen mugimenduekin eta perspektibarekin jokatuz lortuko du bere helburua.
Maider Lopez euskaldunak, Errioxako Arte eta Diseinu Goreneko Eskolak antolatuta eta espainiar estatuko lurralde horretan ospatuta, Arte Garaikideko zikloetan parte hartu zuen iragan astelehenean. Bere hitzaldian Shanghain eta Christchurchen burutuko duen proiektuaren berri aditzera eman zuen eta Euskal Herriko zenbait hedabidek albistea argitaratu dute azken egun hauetan. Protagonista, ordea, EuskalKultura.com-i aipatzen dioenez, nahiko harrituta sentitzen da bere proiektuak izan duen oihartzunarengatik eta 'hasierako ideia bat besterik ez dela' adierazten du.

Zeelanda Berriko ekimena irailaren 19an egingo du Maider Lopezek. 'Christchurch oso hiri txikia da eta kale komertzialak ditu. Nire helburua jendearen partaidetzaren bidez, eta kokapen estrategikoa eta mugimendua erabiliz, kaleko publizitatea desagertaraztea da', zehazten du donostiarrak. Txinako Shanghairen kasua ezberdina da 'hiri erraldoia' delako. 'Data zehaztu gabe dago oraindik. Nire esku dago erabakia, baina agendan toki bat aurkitu behar dut', aitortzen du Lopezek. Horrela, partaideek edukiko dituzten panelekin mugimenduak egin eta 'perspektibarekin jokatuko da'.

[Maider Lopezek iragan urtean Budapesteko 'Kateetako Zubian' egindako lanaren irudia. Bertan ekimeneko partaideak aterki berdeekin ikus daitezke]

Helburua, jendearen parte hartzea sustatzea

Maider Lopezen helburua jendearen parte hartzea sustatzea da. 'Pertsonak dira lana osatzen dutenak', baieztatzen du euskaldunak. Artistak badu, gainera, esperientzia horrelako proiektuetan, izan ere 2005. urtean 'Ataskoa' deritzon lana burutu baitzuen Nafarroako Intza herrian 400 pertsona 180 kotxetan sartuta sekulako trafikoa sortzeko asmoarekin. Iragan urtean, ordea, Budapesteko 'Kateetako Zubia' momentu batez desagertarazi zuen 4.200 hiritarrek euren aterki berdeak irekiz eta uraren kolorearekin nahastuz.

[Goiko irudian, Maider Lopez artista donostiarrak Arabiar Emiratoetan egindako lana (argazkiak MaiderLopez)]

Artista donostiarrak Euskal Herritik kanpoko zenbait tokitan ere bere lanaren aztarnak utzi ditu: Veneziako Bienal aretoan (Italia), Rotterdamen (Herbehereak), Madrilen (Espainia) edota Arabiar Emiratoetan, besteak beste. Etorkizuneko proiektuei dagokienez, 'arkitektura eta espazioaren eraldaketarekin zerikusia' duten zenbait ideiekin ari da lanean Lopez. Hauek Erroman (Italia) eta espainiar estatuko Vigon eta Kordoban egitea gustatuko litzaioke, baina ezin izan du ezer gehiago aurreratu 'dena prest dagoenean' gustatzen baitzaio artistari ezaugarri guztiak azaltzea.


Lotura interesgarriak

Maider Lopez artistaren webgunea
www.maiderlopez.com

Shanghaiko Euskal Etxeak argazki lehiaketa abian jarri du
2008ko apirilaren 28an EuskalKultura.com-en argitara emana

Bilbotarra batek Shanghaiko lehen euskal jatetxea irekiko du
EuskalKultura.com-en argitaratua 2008ko martxoaren 7an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia