euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Setmana de la Dona': emakumeak protagonista Bartzelonako Euskal Etxean martxoaren 4tik 12ra

2011/02/25

Bartzelonako Euskal Etxeak antolatu duen Emakumeen Astearen afitxa
Bartzelonako Euskal Etxeak antolatu duen Emakumeen Astearen afitxa

PUBLIZITATEA

Bartzelonako Euskal Etxea Zinemaldia jaialdian buru belarri sartuta dabil egunotan, baina kultur elkartearen martxa ez da sekula gelditzen eta dagoeneko ekitaldi berriak iragarri dituzte datozen asteetarako. Adibidez, datorren astean, martxoaren 4ean, abiatuko den 'Setmana de les dones treballadores' edo Emakume Langileen Astea. Jardueren artean kontzertuak, zinema ('80 egunean' filma eta 'Nagore' dokumentala) eta txangoak Bartzelonan zehar iragarri dituzte.

Bartzelona, Katalunia. Emakumeei eskainitako aste bat antolatu du Bartzelonako Euskal Etxeak martxoaren 4tik 12ra. Ekitaldiak Sandra Rehdner kantariaren kontzertu batekin hasiko dira. Argentinako San Rafael (Mendoza) hirian jaioa da Sandra eta tangoaren tradizioaren inguruko musika egiten du. 2007ko urrian Auditorin 'Intensotango' lana aurkeztu zuen Manu Estoa, Pablo Logiovine eta Jorge Sarrauterekin batera. 3 disko kaleratu ditu: “En el nombre del tango”, “Bajo la piel” eta “El exilio de nosotros”, azken bi hauek Bartzelonan. Kontzertua martxoaren 4ean izango da eta sarrerak 7 euro balio ditu (edari batekin). Informazioa gehiago Sandra Rehder-en webgunean.

Martxoaren 9an zineak hartuko du lekukoa, Zinemaldiaren barruan programaturiko '80 Egunean' filmarekin. Emanaldia 20:00etan izango da eta ondoren J.M. Goenaga eta J. Garaño zuzendariekin hitzaspertua egin ahal izango dute ikusleek. Itziar Aizpuru eta Mariasun Pagoaga dira filmaren aktore nagusiak eta Axun eta Maiteren istorioa kontatzen lan bikaina egiten dute, Donostiako Zinemaldian jasotako kritiken arabera.

Axunek 70 urte ditu eta ospitalean dago bere alabaren senar ohia zaintzeko. Sorpresa handia hartuko du aldameneko gaixoa zaintzen ari den emakumea gazte denborako lagun Maite dela konturatzean. Laster ikusiko dute bien arteko kimika ez dela aldatu, duela 50 urte bezalaxe jarraitzen duela. Biak dibertituko dira eta berriz elkar aurkitu izanaz gozatuko dute, Axunek Maite lesbiana dela jakiten duen arte. Axunek kontrajarritako bi sentimenduri egin beharko die aurre: Nori entzun? Bihotzari ala buruari? Informazio gehiago, '80 egunean' filmaren webgunean.

Nagore

Hurrengo hitzorduak ere zinea izango du protagonista, baina kasu honetan emakumeen aurkako biolentzia izango da haria, 'Nagore' dokumentalarekin. Elena Taberna zuzendari nafarrak egin duen dokumentalak hauxe jasotzen du: 2008ko San Fermin jaietan gertatu zen Nagore Lafagge Erizaintza ikaslearen heriotza bortitza, Nafarroako Unibertsitate Klinikako psikiatra baten eskutik.

Dokumentalean parte-hartze garrantzitsua du Nagoreren amak, Asun Casasolak. Luzemetraia honek biktimaren familiakoen zein lagunen testigantzak jasotzen ditu, baita prozesu judizialean inplikatutako hainbat kideren ikuspegiak ere. Emanaldia martxoaren 11an egingo da, 20:00etan, eta sarrera doan izango da. Nagore dokumentalaren webgunea, hemen.

Omenaldia Bartzelonako emakumeei

Azkenik, Martxoaren 12an Euskal Etxeak Bartzelonako kaleetan barrena txangoa antolatu du, 'Bartzelonako emakumen istorio isilarazia' ibilbidearekin. Emakumeari omenaldia egin nahi diote antolatzaileek, hiria urteetan zehar oparo bete duten horiek ezagutuaz mendetako zorra eta isilaldia konpontzeko.

"Ohitura patriarkalek oinperatua egon da emakumea askotan, baina batzuetan protagonismoa izan du eta aldaketan eragin ditu inguru publiko zein pribatuarekin puskatuaz eta kultura eta baloreen igorpena bermatuaz. 2000 urtetan zehar egon diren emakume, ama, dontzeila, auzokide, sorgin, moja, erregina, emagaldu… funts baten aurpegi desberdinak: emakumea izatea", diote antolatzaileek.

Txangoa 11:30tan hasiko da eta aldez aurretik izena eman beharra dago. Prezioa 5 euro dira (edaria barne). Bazkideak 2 euro. 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia