Laprida, Argentina. Nicolas Chavesen ardurapean, bi lan argitaratu ditu Lauburu Argitaletxeak aurkeztu berria duen ‘Hirusta Bilduma’ izeneko proiektuaren baitan. Liburuak euskal jatorriko Ernesto Castillo Salaverry eta Sergio Recarte idazle hegoamerikarrenak dira, Salaverryren kasuan, Nikaraguakoa eta Recarterenean, Argentinakoa.
“Tu olvido es peor que la muerte”k (Zure ahaztura heriotza baino okerragoa da) Salaverryren lan guztiak jasotzen ditu. Gogora dezagun idazle nikaraguarra erreferente izan zela bere garaikideen artean, oso gazte hil baitzen –20 urterekin– 1978an, Iraultza Sandinistaren baitan. Liburuarekin batera hainbat dokumentu, familiari idatzitako eskutitzak eta argazki argitaragabeak biltzen ditu argitalpenak.
Sergio Recarteren liburua bederatzi ipuinek osatzen dute, “El final de los viajes siempre está en algún lugar” (Bidaien bukera nonbait dago beti) izenburupean. “Kontakizunak errealitate distopiko moduko batean daude girotuta, konspirazioaren mistikak biltzen dituen leku arruntetan… Narrazioetan bizitza, politika eta idazketa kontzeptu bakar batean elkartzen dira, azken diktadura zibiko-militarrari buruzko irudi garratzak emateko", azaltzen dute Lauburu Argitaletxetik.
Liburuak salgai daude dagoeneko eta edlauburu@gmail.com helbidean eska daitezke; Sergio Recarteren liburuaren prezioa 450 peso argentinarrekoa da eta Castillo Salaverryrena, 500. Argentina osora bidal daiteke. Beste lekuren batera bada, egin kontsulta. Lauburu Argitaletxea sareetan dago, Ediciones Lauburu Facebook kontuan.