euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sergio Recarte idazle euskal argentinarrak “El aliento de la memoria” argitaratu du Lauburu argitaletxearekin

2017/12/22

Sergio Recartek “El aliento de la memoria. Testimonios de un preso político durante la dictadura cívico-militar 1976-1983” (Oroitzapenaren arnasa. 1976-1983ko diktadura zibiko-militarraren preso politikoaren testigantza) idatzi du
Sergio Recartek “El aliento de la memoria. Testimonios de un preso político durante la dictadura cívico-militar 1976-1983” (Oroitzapenaren arnasa. 1976-1983ko diktadura zibiko-militarraren preso politikoaren testigantza) idatzi du

PUBLIZITATEA

Liburuak idazle euskal argentinarra Argentinako 1976-1983 arteko diktadura militarrean preso egon zeneko bere lekukotasuna ematen du eta hiru zatitan dago banatuta:  Recarte desagertu ondoren bere gurasoek egindako bilaketaren kronika eta La Platako espetxean bizi izandakoaren eta ondoren Nafarroan pasatutako erbesteko oroitzapenak. Idazlearen aurreko liburua “Atahualpa Yupanqui, indio, criollo y vasco” bigarren ediziora iritsi da eta 2017ko Durangoko Azokan egon da eskuragai.

Gral. Villegas, Argentina. Argentinako Lauburu Argitaletxeak argitaratutako “El aliento de la memoria. Testimonios de un preso político durante la dictadura cívico-militar 1976-1983” (Oroitzapenaren arnasa. 1976-1983ko diktadura zibiko-militarreko preso politiko baten lekukotasuna) Sergio Recarteren atxilotzearekin hasten da. Atxiloketa 1976ko estatu-kolpea baino lau egun lehenago gertatu zen, La Plata hirian, bertan egiten ari zen langile eta ikasleen manifestazio baten baitan. Egileak EuskalKultura.com-i adierazi dionez, liburuak bi zati ditu: “Lehenengoan, gurasoak nire bila ari zirela aitak idatzitako kronikak bildu ditut. Lerro horietan irakurleek ulertu ahal izango dute nola egin zuten gurasoek egoerak sortutako oinazeari aurre egiteko eta bilaketari ekiteko. Bigarren zatian, nire egunak espetxean preso politiko gisa (La Platako 9. Kartzelako unitatean) kontatzen ditut, eta Euskal Herrian –aitona jaio zen Legasa ondoko Donezteben– pasatutako erbesteko egunak”.

Liburua dagoeneko prest badago ere, martxoan aurkeztuko du idazleak; seguru asko martxoaren 24an, estatu-kolpearen urteurrenean, Gral. Villegasko ‘Memoria, Verdad y Justicia’ batzordeko kideak lagun dituela. “Aspaldiko xedea zen liburu hau idaztea” adierazi digu Recartek; “Agian lehenago idatzi behar nuen baina ezin izan nuen, arrazoi askorengatik, batez ere arrazoi emozionalengatik. Ez da erraza izan bizi izandakoa kontatzea. Oroitzapenek mina egiten didate, arima haserrarazi eta beldurtzen didate. Baina hala ere beti jakin izan dut egin behar nuela, aitaren testigantza ere ezagutarazteko. Liburua borroka egin zutenei eta errekonozimendua da estatu terroristak atxilotutako gazteen gurasoek egindako bilaketei”.

Liburua, bigarrena du Sergio Recartek. Lehenengoa, Txalaparta argitaletxe nafarrak duela bi urte kaleratu zuen, “Atahualpa Yupanqui, indio, criollo y vasco" izenburupean eta oraindik ere eskuragai topa daiteke Euskal Herriko eta munduko zenbait Liburu Azokatan. Idazleak Euskonewseko Kosmopolita atalean ere idatzi izan du; 35 bat artikulu, guztiak Rio de la Platan bizi izan ziren eta euren euskal aztarna utzi zuten euskal jatorrizko etorkinei buruz. Argentinako euskal kolektibitateari dagokionez, Arturo Campion Euskal Ikasketa Guneko kide ere bada Recarte eta urtero idazten du elkarteak argitaratzen duen Guregandik aldizkarian.

Oraindik aurkeztu ez duen arren, liburua eskura daiteke dagoeneko, Lauburu argitaletxeari zuzenean eskatuz (klik hemen). Argitaletxeari buruz, esker oneko hitzak baino ez ditu eurentzat idazleak. “Nicolas Chavez arduraduna primerako pertsona da eta lan ederra ari da egiten. Garrantzitsua da oso Argentinako euskal kultur arloan Lauburu bezalako argitaletxe bat izatea”, aitortu digu.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia