euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Sergio Recarte argentinarraren ‘Atahualpa Yupanqui, indio, criollo y vasco’ liburua eskuragai EHan eta Internen

2015/06/08

Sergio Recartek idatzitako Atahualpa Yupanquiren biografiaren azala
Sergio Recartek idatzitako Atahualpa Yupanquiren biografiaren azala

PUBLIZITATEA

Txalaparta argitaletxe nafarrak kaleraturik, “euskal herritarren eta baita diasporako kideen artean ere Atahualpa Yupanqui folklorista argentinarrak euskal kulturarekin izan zuen lotura ezagutaraztea” finkatu du liburuak helburu. ‘Atahualpa Yupanqui, indio, criollo y vasco’ Euskal Herriko eta Espainiako liburudendetan eskura daiteke; Argentinan oraingoz, internet bidez soilik. Sergio Recarte egileak ez du baztertzen Argentinan ere aurkeztu ahal izateko aukera. 

Gral. Villegas, Argentina. “Atera berri den liburuak bi sorburu ditu”, azaldu dio Argentinako euskalgintzan ezaguna den Sergio Recartek EuskalKultura.com-i, proiektua nola jaio zen galdetu diogunean. “Alde batetik, Asmoz Fundazioan egiten ari nintzen ikastaro baterako idatzi nuen Atahualpa Yupanquiren euskal sustraiei buruzko testu laburra; bestetik, Euskonews argitalpenerako folklorista argentinarrari buruz egindako artikulua. Nire lan horiek ezagututa, biografia osoa idazteko proposatu zidan Txalaparta argitaletxeak kantautoreei buruzko Ravel bilduman sartzeko”.

Behin proposamena onartuta, ikerlan handia hasi zen egiten idazlea datuak eskuratzeko. “Zenbatezinak dira kontsultatu ditudan dokumentuak, bisitatu ditudan hemerotekak eta Yupanquiri buruz irakurri ditudan liburuak. Horretaz aparte, musikariaren obra artistikoan ere murgildu behar izan naiz. Eta aitortu behar dut jende askoren laguntza izan dudala Argentinan zein Euskal Herrian”, jakinarazi digu Recartek.

Biografia hau beste biografien artean

Argentinako musika herrikoiaren ordezkari nagusia da Atahualpa Yupanqui izenarekin ezaguna zen Hector Roberto Chavero Haran kantaria eta ez dira gutxi berari buruz idatzi diren liburuak. Baina ‘Atahualpa Yupanqui, indio, criollo y vasco’k badu bere berezitasuna: euskal jatorrizko gurasoak izanik, Yupanquik Euskal Herriarekin izan duen harremana hartzen du ardatz idazle villegastarrak. “1968. urtean iritsi zen lehen aldiz Atahualpa Euskal Herrira, hirurogei urte zituela, eta oso harrera ona izan zuen euskal kulturaren alde lan egiten zutenen artean. Izan ere, eragin handia izan zuen euskal kantautoreen artean, esaterako Ez dok Amairu taldean”.

“Beste maila batean, Argentinaren XIX. mendeko historian sakontzeko ere balio du liburuak. Yupanqui 1908 urtean jaio eta 1992an hil zen eta herrialdearen bizitzan utzi zituen aztarnak ere, kantautore eta militante gisa, aipatzen dira liburuan”.  

Salgai Euskal Herrian eta Gure Liburuak webgunean

Txalaparta argitaletxeak Argentinan banatzailerik ez duenez –eta kanpoko liburuak argentinaratzeko dauden oztopoak direla eta– oraingoz liburua Euskal Herriko eta Espainiako liburudendetan soilik eskuratu daiteke. Hala ere, egileak ez du galtzen Argentinan aurkezteko itxaropena. “Agian etorkizunean zeozer egin ahal izango dugu ‘Atahualpa Yupanqui, indio, criollo y vasco’ liburua Argentinan saldu ahal izateko”. Bitartean, on line eros daiteke www.gureliburuak.eus webgunean.

“Nire lana ez da, akaso, beste biografiak baino hobea ezta osoagoa ere izango; nire asmoa izan da, ahal izan dudan neurrian, Atahualpa Yupanquik bere euskal jatorriarekin zuen harrotasuna erakustea; ‘Mundu horiek guztiak nire zainetan, indiar, euskaldun eta gautxoenak; guztiek izan zuten eragina nire alaitasunean, nire beldurretan eta nire askatasun senean’ bere esaldian adierazten duen moduan”, adierazi du Recartek.  



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia