euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Serafín Barojaren 'Pudente, lehen euskal opera' estreinatuko dute gaur gauean Bahia Blanca, Argentinan

2008/11/28

Pudente operaren afixa, opera euskalduna Bahia Blancan
Pudente operaren afixa, opera euskalduna Bahia Blancan

PUBLIZITATEA

Ezohiko ikuskizun batez gozatu hal izango dute gaur gauean Bahia Blancako (Argentina) biztanleek. Rosana Entizne eta Miguel Mendiondoren gidaritzapean, Unión Vasca Euskal Etxeko talde guztiek --tartean dantza taldeak, abesbatzak, euskara ikasleek eta beste hainbat kidek-- ‘Pudente’ lehen euskal opera taularatuko dute bertako Udal Antzokian. “Hasieran umorezko bertsio bat egitea pentsatu genuen --kontatu dio Rosana Entizne Union Vascako euskara irakasle eta ekimeneko arduradun den Euskalkultura.com-i--, baina Euskal Etxeko antzerki irakasle den Miguel Mendiondori izugarri gustatu zitzaion istorioa eta bere horretan gauzatzeari ekin genion. Oraingoz, behin bakarrik antzeztuko dugu, Bahía Blancan, baina izugarri gustatuko litzaiguke beste herri batzuetara eramatea”.

Bahía Blanca, Argentina. "Urtearen amaierari begira, hasi ginen eztabaidatzen zein zen euskaraz idatzitako operarik politena edo onena, musikari begira edo istorioari begira", azaldu dio EuskalKultura.com-i Rosana Entiznek, horrelako proiektu bati aurre egitea nola bururatu zitzaion galdetu diogunean. "Eta ‘Pudente Opera’ aurkitu genuen Interneten. Hasieran umorezko bertsio bat egitea pentsatu genuen baina Euskal Etxeko antzerki irakasleari, Miguel Mendiondori, zegoen horretan izugarri gustatu zitzaion, eta idatzi zuten bezala egiteari ekin genion”.

Entiznek oso ibilbide adierazgarriko emakumea da euskarari zeinmusikaren arloari dagokionez, eta opera hau taularatzean bide urratzaile direla pentsatzen du: “Ez dut uste Argentinan gisa honetako ikuskizunik lehenago aurkeztu izan denik. Garestiegia eta zailegia da euskarazko opera bat aurkeztea. Pentsa ezazu zein zaila den abeslarientzat euskarazko testu bat buruz ikastea. Interneteren arabera, Euskal Herrian ere behin aurkeztu zuten, 1884an, Donostiako ihauterietan. Ez dakit geroztik atzera taularatuko zuten”.

54 artista taula gainean

Euskal antzertiaren historian toki berezian duen 1900. urteko 'Artzain mutila' opera euskaldunaren --Felix San Pelayo musikagile eta Pedro Mari Otaño testuen egile-- Buenos Airesko Colon Antzokiko estreinaldiak markatu zuen ildoari jarraiki, proiektu honek ilusio eta ahalegin kopuru polita mugiarazi ditu Bahia Blancan. Taldea uztailean hasi zen taula gainean 54 lagun biltzen dituen lan honekin, eta oraingoz aurkezpen bakarra gaur gauean Bahia Blancako Udal Antzokian egingo dutena izango da. Baina, buletin honi esan zaionez, taldea prest dago, gonbidapena jasoz gero, beste herri batzuetan  ere taularatzeko.

Argentinako ahozko literaturan payada dagoen bezala, Euskal Herrikokoan bertsolaritza aurki daiteke. Bertsolaritzak bi motatako bertsoak eman ditzake: bat batekoak, doinu ezagunak erabiliz bururatu ahala botatakoak; eta bertso jarriak, idatziriko bertsoak, jarritako doinu ezagun batek lagunduta kantatzeko. Eta azken hauxe da, hain zuzen ere, opera honen egitura.

Pudente euskal operaren jakingarriak

Rafael Martinez Baroja Haron (Errioxa) jai zen 1770an, eta Carlos IVaren garaian atera zuen etorki-agiria Gipuzkoan bizi izateko. Bere seme Pio Oiartzunen munduratu zen 1808an, eta honen seme Serafin --Pio Baroja nobelagile famatuaren aita--, Donostian, 1840an. Serafín Barojak letrak maite zituen eta bai euskaraz, bai erdaraz paper asko idatzi zituen. Euskal Herrikoa bazen ere, RioTintora (andaluzia) meatz injeniari nagusi bidali zuten. Bertan meategi interesgarri bat aurkitu zuen.

Erromatarrek ustiatua zen eta sarreran izen bat topatu zuen harrian idatzirik, ‘Pudente’, baita jaiotze eta heriotze datak ere. Harri horiek ikusirik, irudimenari eragin eta izugarrizko hilobi baten aurrean zegoela bururatu zitzaion eta istorio xelebre bat osatu zuen. Bertsotan idatzi eta estrofa bakoitzari doinu bat ezarri zion. Eszena eta mugimenduak ere zehatz mehatz deskribatu zituen, hiru zatiko drama burutzeko.

Donostian 1884ean taularatua

Urte batzuk geroago, 1878an, Jose Antonio Santesteban, Donostiako parrokien organojolea eta Serafinen laguna, Barojak iradokitako partitura idatzi zuen, musika diskurtsoari komunztadura emateko zatiak gehituz. Argitarapen honek, 1884ko Donostiako ihauteri garaian estrenaturik, bi zati baino ez zituen eta Barojaren lanari emakumeentzako zati bat erantsi zion.

Estreinaldi hartan Lepidoren papera On Manuel Vidarte y Achak, Donostiako apaiz ezagunak, Iparragirreren lagunak, egin zuen, sekulako arrakasta izanik. Pudentek hasiera eman zion Euskal Opera generoari, zeinetan aipagarriak diren Jose María Usandizagaren Mendi Mendiyan, Jesus Guridiren Amaya eta Francisco Escuderoren Zigor!, beste askoren artean.

Operaren ondotik, Beti Aurrerako dantzariak

Gauari behar bezalako goi amaiera emateko, Bahia Blanca bertako Beti Aurrera euskal Dantza Taldea dantzatuko da, aurten euren 60. urteurrena ospatzen ari baita Union Vascaren baitako talde hau. Hona hemen gaurkoan eskainiko dituzten dantzak: Uztai Haundiak (helduak); Arku dantza (Txiki-txikiak); Gipuzkoako Ezpatadantza (helduak); Polka eta Banako (txikis); Makil Dantza (ertainak)
Hator Hator (helduak); eta Erromeria (helduak)

OPERAREN FIXA ARTISTIKOA

-Emakumeen abesbatza: Lagun Artean
-Zuzendaria: Romina Reimers
-Gizonen abesbatza: José Luis Ramírez Urtasun
-Zuzendaria: Alberto Tramontana
-Musika zuzendaria: César Tello
Beti Aurrera taldeko dantzariak
-Koreografoak: Josetxu Astolfi eta Manuel Irastorza
-Eszenografia: Miguel Mendiondo
-Eszenografiaren teknikoak: Héctor Amigo - Leticia Pirchi - Mario Mendiondo
-Eszena-zuzendaria: Miguel Mendiondo
-Jantziak-oinetakoak-tresneria: María Eugenia Bermúdez - Marcelo Boluña - Rosana Entizne
-Makilajea: Javier Argañaraz
-Itzulpena eta tituluak: Euskara taldea
-Dantzariak: Aguerri, Belén - Astolfi, Josetxu - Caponi, Antonela  - De Luis, Lucrecia - Irastorza, Fermín - Manterola, Malena - Parodi, María José.
-Emakumeen abesbatza: Abdala, Teresita; Arambarri, Cristina; Castro, Alicia; Castro, Mónica; Jtten, Elsa Lydia; Malán, María Rosa; Martínez, Perla; Nicolussi, Baby; Ortiz, Agustina; Ramos, Paulina;   Resasco, Nilda; Rubio, Susana; Teddy, María del Carmen; Sehbib, Graciela.
-Gizonen abesbatza: Aldacour, Héctor; Arceo, Horacio; Bast, Roberto; Cangelosi, Héctor; Colomina, José; De Pasquale, Donato; Domini, Filiberto; Domini, Vicente; Elia, Omar; Fabris, Giannino; Gastañaga, Eduardo; Iriarte, Raúl; Long, Dardo; Martínez, Albor; Moyando, Eduardo;  Neiendam, Horacio; Muñoz, Joselo; Odorico, Orlando; Pirrera, Alejandro; Polla, Juan; Resasco, José; Quintana, Raúl.
-Ideia-Produkzioa- Zuzendaritza: Rosana Entizne



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia