Montreal, Québec. Bi eguneko egitaraua antolatu dute aurten Euskaldunak Quebec Euskal Etxeko lagunek euren Euskal Besta ospatzeko. Eta bietan bertan bizi diren eta Euskal Herritik bisitari etorritako lapurtarrek, ekarri berezia egin diote. Ostiralarekin, irailaren 6an, Maider (Cigarroa) abeslari senpertarrak kontzertua eskaini zuen Montrealeko La Marche à côté tabernan. Xabi Leon pianoan laguntzaile. Maiderrek bakarka atera duen lehenengo albuma aurkeztu zuen, "Biran den lasaia" izenpean.
Biharamunean, irailaren 7an, larunbata, Maiderrek euskal festarako gogoa bzperan girotuta, ekitaldiak goizean goiz hasi ziren. Zoritxarrez, 'Pirinioetako eguraldia' ere sartu zen Montrealen baina horrek ez zituen bertako Euskal Etxeko lagunak kikildu. Euria hasi aurretik astia eman zuen Pilota Txapelketa jokatzeko Le Ber parkeko frontoian eta txapeldunak Beñat (banakakoan) eta Jerome eta Bixente (bikoteka) izan ziren.
Montrealgo Euskal Piknik bestako pilota partidak Le Ber parkeko frontoian
Txalo eta esku-zarta ederra bazkari goxoa maitasunez prestatu zuten Etxeko sukaldariei
Ekitaldiak aterpera ekarrita eguraldi txarragatik, pilotari txapeldunak euren txapelak jasotzen
Musa, pilota, musika, kantua, jauziak, bazkari herrikoia...
Kirolaren ostean, euskal elkarretaratzeko jendea Batiment 7 delako elkargunean bildu zen bazkaria estalpean partekatzeko. Menu ederra prestatu zuten eta topa egiteko Euskal Herriko patxarana ere izan zuten ‘Egiazki’ enpresa senpertarrari esker.
Arratsaldean, musean aritu eta bertaratutakoek Maider abeslariarekin eta bertako musikariekin euskal kantutegiko aire klasikoak abestu zituzten elkarrekin, senidetasun giro ederrean. Egunari amaierarik egokiena ematearren, zer hobe dantza biribilak eta mutxiko eta jauzi parte-hartzaileekin aurre egitea baizik aro txarrari, abuztu osoan astero entseatutako dantzekin euskal festa bere gorenera ekarriz, xinpleki, "edozein (euskal) herriko jaixetan" bezala..