euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Senidetzearen X. urtemugan, Jose C. Paz-eko Euskal Etxeko lehendakariak Oñati bisitatu zuen

2010/08/03

'Hermansoloña' Gobernuz Kanpoko Erakundeko arduradunak diren María Isabel Elorza eta José Antonio Urteaga, Maria Angeles Oñederra eta Joaquin Fernandes, bere senarra, Senidetzearen monumentuan
'Hermansoloña' Gobernuz Kanpoko Erakundeko arduradunak diren María Isabel Elorza eta José Antonio Urteaga, Maria Angeles Oñederra eta Joaquin Fernandes, bere senarra, Senidetzearen monumentuan

PUBLIZITATEA

Argentinako azken krisialdi ekonomikoan, 2001ean, heldu zen Jose C. Paz-era Oñatitik bidalitako lehenengo kontainerra. Berrogeita hamar kutxa zetozen, miseria gorrian bizi zen jendearen artean behar-beharrezko gauzak banatzeko. Geroztik, urtero heltzen da Buenos Aires probintzian dagoen hirira herri gipuzkoarretik bidalitako laguntza; laguntza horri esker, Jose C. Pazeko hainbat tailerretan lan egiteko tresnak daude, eta hainbat aterpetxetako neska-mutilek badute janzteko moduko arropa, eta otorduak egiteko leku bat. “Senidetzea, arrazoi historikoengatik egin zen, hiriko sortzailea Oñatikoa baitzen. Gero jakin genuen zein zen Jose C. Pazeko egora ekonomikoa eta oñatiarrok berehala antolatu ginen laguntza emateko”, azaldu zion EuskalKultura.com-i senidetzearen taldeko koordinatzaile eta 'Hermansoloña' Gobernuz Kanpoko Erakundeko arduradunetako bat den José Antonio Urteagak. Hamar urte pasatu dira jadanik bi herri hauen arteko harremana sortu zenetik eta urtemuga ospatzeko, Maria Angeles Oñederra, Jose C. Paz-eko Toki Eder Euskal Etxeko lehendakaria, Oñatira bidaiatu zen hango kideekin elkartzeko.

Oñati, Gipuzkoa. Joan den uztailaren 15ean hamar urte bete ditu Jose C. Paz eta Oñatiren arteko senidetzeak. Urtemuga berezi hori ospatze aldera, ekainaren 18an Maria Angeles Oñederra, Jose C. Pazeko Euskal Etxeko lehendakaria, Oñatiko lagunekin biltzeko euskalerriratu zen. 18an bertan herriko alkate Lourdes Idoiagak jaso zuen bere bulegoan Oñederra andrea eta bi herrioi buruz hitz egin zuten. Bilera honetan Maria Isabel Elorza eta Jose Antonio Urteaga 'Hermansoloña' Gobernuz Kanpoko Erakundeko kideek ere hartu zuten parte. Ondoren, omenezko afaria eskaini zioten senidetzearen taldeko kideek Oñederrari.

María Ángeles Oñederra Oñatin 2010 01

[Oñatiko alkate Lourdes Idoiaga, María Isabel Elorza, José Antonio Urteaga, eta Maria Angeles Oñederra eta bere senarra]

Bere bsitarekin bukatzeko, Argentinara bidaltzeko baliabide eta tresnak gordetzen diren biltegia bisitatu zuen Maria Angeles Oñederrak. Hor, Jose C. Pazera igorriko duten 28. kontainerra prestatzen ari ziren oñatiarrak; bertan, herriko laguntzaileek nola egiten duten lan ikusteko aukera izan zuen Toki Eder-eko lehendakariak. “Oñatin egon nintzenean, 28. kontainerra prestatzen ari ziren baina esan behar dut 27. jadanik prest zegoela eta joan den uztailaren 22an jaso dugula 26.a. Dagoeneko gauza guztiak hartu eta sailkatu ditugu dagokien lekura eramateko”, azaldu dio Oñederrak EuskalKultura.com-i.

Maria Angeles Oñederra Oñatin 2010 03

[Maria Angeles Oñederra Oñatin, senidetzearen taldeko kideekin]

Bien bitartean, José Antonio Urteaga, bere emazte Socorro Peña eta Jose C. Pazen sortzailearen ahaidea den Maria Isabel Elorza Argentinarako bidaia bat antolatzen ari dira. Oñederrak buletin honi aurreratu dionaren arabera, urriaren 8an helduko dira Euskal Herriko bisitariak Jose C. Paz hirira. Argentinan, proiektua nola dabilen gainbegiratzeaz gain, bi herrien arteko senidetzearen berritze zeremonian hartuko dute parte. Urriaren 20an izango da ekitaldia; egun berean Senidetzearen Plaza inauguratuko da Jose C. Paz-en.

Maria Angeles Oñederra Oñatin 2010 02

[Maria Angeles Oñederra Argentinara bidaltzeko zen materialarekin]



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia