Cordoba, Argentina. Duela 28 urte Anamari Unsainek sortutako ‘Córdoba canta a Loyola’ (Cordoba Loiolari kantari) izenpean antolatzen hasi zen kultur hitzordua Cordoba hiriburuko Jesusen Lagundiaren elizan egin da aurten irailaren 28an. Bertan kantatu dute Matias Saccone maisua zuzendari duen duen Cordobako Unibertsitate Katolikoko abesbatzak, Maria Emilia Pueblak gidaturiko ‘ISEAM Domingo Zípoli’-ko emakume gazteen koruak eta Hugo Cesar de la Vega musikaria buru duen Manuel Belgrano Koralak.
Unibertsitate Katolikoko Abesbatzak euskarazko piezak ere kantatu zituen, Melina Ceballos zuzendariordeak kantaldirako propio prestatutako ‘Agur Jaunak’ eta ‘Maritxu nora zoaz’, hain zuzen.
[Cordobako Unibertsitate Katolikoko Abesbatza 'Agur Jaunak' kantatzen. Ekitaldiaren argazki gehiago, hemen]
Kontzertuaren ostean Euskal Etxeko lagunek gogoan izan zituzten eskerrak emateko orduan, bertaratutako publiko, abesbatza eta zuzendariak, eta elizako arduradunak. Eta abesbatzetako erreferenteei partaidetza agiriak eskuratu zizkieten. Agiriak banatzeko ardura Anamari Unsain, Maria del Carmen Errasquin, Rita Gigena Romero eta Euskal Etxeko lehendakari Alejo Martinena izan zen.
Jesuitak Cordobako Alberdi auzoan
Iraileko ekintzen programa barruan ‘Loiola 2018’ jardunaldien lehenengo zatia burutua du Gure Txokoa Euskal Etxeak. Hor kokatu behar da Aguilar Vouillat irakasle eta lizentziatuak emandako hitzaldia, gaia XVVII. eta XVVIII. mendeetan euskaldunek eta jesuitek Cordobako mendebaldeko ‘chacara'-etan –gaur egun Alberdi auzoa dena– izandako presentzia izanik. Euskal Etxetik adierazi dute publikoak interes handia agertu zuela Loiolako Inazioren ordenak Cordoban izandako eragina ezagutzeagatik.
Berri hauekin batera, Gure Txokoak jakinarazi du laster kaleratuko duela ‘Loiola 2018’ jardunaldien bigarren zatiko programa.
Eta gonbidatzen du igande honetan, urriaren 7an, Euskal Etxearen egoitzan egingo duen bazkarira. Txartelak 350 peso balio ditu eta aldez aurretik erreserbatu behar da 351 155 495391 telefonoan edo centrovascocordoba@gmail.com helbidera idatzita.