euskal diaspora eta kultura
2013/07/22
PUBLIZITATEA
Donostia-San Sebastián. Selma Huxley historialaria (Londres, 1927) Kanadako itsas-historia arloan mundu mailako aditua eta euskal arrantzaleek Ternua eta Labrador kostaldeetan utzi zituzten arrastoen ikerlari garrantzitsuenetarikoa da. Euskal Herriarekin harreman estua du Ingalaterran jaio eta Kanadan bizi izan den emakumeak; senarrari esker ezagutu zuen Euskal Herria eta 1972an, alargundu zenean, hona etorri zen bizitzera, euskal artxibategietan baleazaleen historia ikertzeko.
Lau seme-alabekin etorri zen Huxley, ikerketak egiteko erakundeen laguntzarik gabe, eta halarik ere lan bikaina egin zuen. Euskal artxibategietan aurkitu zituen dokumentuei esker Huxleyk euskaldunek Kanadako kostaldean sortu zuten bale arrantzaren industriaren historia berreskuratu zuen.
Haritik tiraka, Labradorren euskal kokalekuen arrastoak egon behar zutela ikusi zuen eta haiek aurkitzeko espedizioa antolatu zuen 1977an, beste zenbait ikerlariekin. Espedizio horretan aurkitu zuten San Juan ontzia, XVI. mendean Red Bay-n hondoratu zen Pasaiako baleontzia eta beste zenbait arkeologi-gune. Aurkikuntzek Kanadako historiaren atal ezezagun bat ekarri zuten argitara.
UNESCOren izendapena
Ekainean, UNESCOk Gizateriaren Ondare izendatu berri du Red Bayko gunea, eta aintzat hartzea pozarren hartu dute Huxleyk eta Kanadako euskal historia berreskuratzeko lanean diharduten beste zenbait historialarik.
[Txalupa hau San Juan ontzi hondoratuaren azpian aurkitu zen Red Bay-n. 400 urte urazpian pasa arren nahiko ondo gorde da eta Red Bay National Historic Site of Canada museoan ikusgai da (argazkia RedBayNHSC)]
"UNESCOk Red Bay Gizateriaren Ondare izendatzea berri zoragarria da, bai Kanadarentzat eta baita Euskal Herriarentzat ere. Red Bay-ra mundu osoko bisitari gehiago ekarriko ditu, eta hori oso garrantzintsua da, arrantzak behera egin duelako nabarmen", agertu dio historialariak EuskalKultura.com-i.
Ikerketa Euskal Herrian
Izendapena ospatuz, Donostiako Aquarium-ek Urrezko Domina eman zion ekainean Huxley-ri, ia 40 urte hauetan burutu duen ikerkuntza lan bikainagatik. Omenaldian izan ziren lankide eta lagunen artean bere seme Michael Barkham historialaria ere izan zen. Barkham-ek amaren bidetik jarraitu du, euskal artxibategietan euskal baleazaleen aztarnak aurkituz.
Bien lanaren emaitza dira, esaterako, Hondarribiko Domingo de Luça marinelaren testamentuaren aurkikuntza (1563an Ternuan idatzi zen eta Kanadako idazki zibil zaharrena da). "Dokumentu paregabea", agertu du Huxleyk. "Bakanak dira ere nik aurkitu nituenak, txalupa salerosketa bat eta bi testamentu; hiruak Labradorren idatziak, 1572an, 1577an eta 1584an, hurrenez hurren".
[Selma Huxley seme-alabekin Oñatin, 1976ean (argazkia ILinazasoro/EuskoMedia)]
Hamabi euskal portu Kanadan
Artxiboetan aurkitutako datuei esker Huxleyk Kanadan egon zitezkeen aztarnen kokalekua ondorioztatu zuen eta espedizioa egin zuen bertara. "Baleazaleen idatzien arabera kostalde hartan hamabi bat portu erabiltzen zituzten euskaldunek, horien artean Buttes izeneko portu zaharra, egun Red Bay izena duena", azaldu du historialariak.
"1977an egin genuen espedizioa eta euskaldunen guneak aurkitu genituen hainbat portuetan. Aurkikuntza arkeologiko hauek Kanadaren historia txuriaren hastapenentzako oso esanguratsuak zirela konturatu ginen berehala", gogoratu du Huxleyk. Bidaia honetan aurkitu zuten berak eta beste zenbait ikerlarik Red Bay-ko gunean 400 urtez hondoratuta izan zen Pasaiko San Juan ontzia.
"Ikerketa lan honi esker euskaldunek Ternuan XVI. mendean izan zuten presentziari buruzko arlo gehienak osatu ahal izan ditugu, esaterako marinel haien eguneroko bizitza eta lan baldintzak. Alabaina, oraindik ere ezusteko bat edo beste izango dela espero dut!", amaitu du Huxleyk.PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus