euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Segundo Galarza' Zikloari urrezko amaiera eman dio Lagun Onak Abesbatzaren kontzertuak Buenos Airesko Laurak Baten

2023/12/19

Lagun Onak Abesbatzaren kontzertu batek itxi zuen Laurak Bat Euskal Etxeak antolatutako Segundo Galarza Kontzertu Zikloa
Lagun Onak Abesbatzaren kontzertu batek itxi zuen Laurak Bat Euskal Etxeak antolatutako Segundo Galarza Kontzertu Zikloa

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Amaiera bikainarekin amaitu da joan den abenduaren 11an Laurak Bat Euskal Etxeak antolaturiko 'Segundo Galarza' Kontzertu Zikloaren 2023 denboraldia. Miguel Ángel Pesce maisuaren zuzendaritzapean, Lagun Onak Abesbatzak bere gain hartu du zikloaren amaiera, eta aurtengo errepertorioko abestiak eta euskal musika herrikoiaren klasikoak interpretatu ditu. Pianoan, Lagun Onak-eko zuzendariorde eta Gazteen Abesbatzako zuzendari den Mariano Manzanelli. Emanaldi guztiek sarrera librea eta doakoak izan dira eta arrakasta handia lortu dute.

Azken sei hilabeteotan, 'Segundo Galarza' Zikloak hamar kontzertu eskaini ditu. Horietatik sei, abesbatzen topaketak izan dira eta, guztira, 15 abesbatzek hartu dute parte. Horrez gain, Erdi Aroko musika kontzertu bat, Ingalaterrako musika errenazentistako beste bat eta bi pianoko kontzertua eskaini dira, besteak beste. Euskalkultura.eus-rekin solasean, zikloaren koordinatzaile den Jose Gutierrezek nabarmendu du guztiak pozik geratu direla emaitzekin, bai Euskal Etxearen aldetik, bai parte hartu duten musikarienetik ere. Beraz, datorren denboraldia baieztatuta dago eta 2024ko apirilean hasiko dela, iragarri du.

"Ez zaigu gogorik falta"

"Lagun Onak Abesbatzaren kontzertua bikaina izan zen, zirraragarria. Eta ziklo osoa baliotsua oso. Izan ere, ateak zabaldu zizkien gizataldekoak ez diren pertsonei, euskal errepertorioa beste entzuleria bati ezagutzera eman zion eta, aldi berean, etxeko jendeari errepertorio desberdin bat hurbilarazi zion", diosku Laurak Bat Euskal Etxeko lehendakari Arantxa Goikoak, oso urte emankorrari azken agurra luzatuz. Ez du ezkutatzen pozik dagoela Euskal Etxeko taldeek egindako lanarekin. Pilota arloan, zein muslariek egindako lanak, euskara klaseen presentzialtasunera itzultzeak eta dantzari taldearen kolaborazio handiak indarra ematen diote hastear dagoen urteari aurre egiteko, Argentinako euskal etxeentzat urte gogorra aurreikusten bada ere. "Ez zaigu, baina, gogorik falta, beraz, jakina lortuko dugula aurrera egiten", amaitzen du lehendakariak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia